Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Vuelta

Rui Costak irabazi du Lekunberrin, ihesaldiko indartsuena izanda, eta Sepp Kussek maillot gorriari eutsi dio

EITB MEDIA

Intermarche taldeko txirrindulari portugaldarrak 37 urte ditu, 2013an Munduko Txapelketa irabazi zuen eta Frantziako Tourrean hiru etapa ditu irabazita; igandean, Lennard Kamna eta Santiago Buitrago menderatu ditu. Sailkapen nagusian, Kussek maillot gorria jantzita ekingo dio azken asteari.

1:28
Rui Costa

Rui Costa Intermarche taldeko txirrindulari portugaldarrak irabazi du, igandean, 2023ko Espainiako Vueltako hamabosgarren etapa; Iruñean hasi eta Lekunberrin amaitu da lasterketa, eta Rui Costak eguneko ihesaldiko indartsuena izan da, helmugan BORA-Hansgrohe taldeko Lennard Kamna alemaniarra eta Bahrain-Victoriouseko Santiago Buitrago mendean hartuta. Bitartean, sailkapen nagusian, Jumbo-Visma taldeko Sepp Kussek aurreneko postuan jarraitzen du, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaard taldekideak bigarren eta hirugarren postuetan daudela; Kussek, hortaz, maillot gorria soinean duela ekingo dio lasterketako azken asteari.

Etapan, emozioa eta urduritasuna izan da, Jumbo taldean ere bai. Badirudi liderraren taldea garaiezina dela, eta egia da errepidea erakusten ari dela uste hori guztiz zuzena dela, baina igandeko jardunaldian, zenbait kilometrotan, lan handia egin behar izan du, lasterketak hala eskatu baitu. UAEk Marc Soler jarri du aurretik, eta BORAk, aldiz, Aleksandr Vlasov; kontuan izanik Soler sailkapen nagusiko seigarren postuan dagoela eta Vlasov zortzigarren, Kussen taldeak agian espero ez zuen ahalegina egin behar izan du; hori bai: badaezpada, Jonas Vingegaard ere zebilen azken bi horiekin batera. Ez da aldaketarik izan sailkapen nagusian, egunaren amaieran, baina etapako zati batean, sailkapen nagusiko testuinguruan, ziurgabetasuna nagusitu da, nolabait.

Nabarmentzeko modukoa da, beste behin, Remco Evenepoelek egindako lana. Mendiko sailkapeneko liderra etaparen amaierara arte izan da garaipenaren bila. Ihesaldian sartuta, ahalegin handia egin du taldearen eta tropelaren arteko aldeak gora egin zezan, eta, azken txanpan, gutxi falta izan zaio Costaren, Kamnaren eta Buitragoren parean kokatzeko; izan ere, azken horiek aurretik egin dituzte kilometro erabakigarriak. Soudal Quick-Step taldeko liderra ikuskizun handia ari da ematen Espainiako Vueltan; bi etapa ditu poltsikoan, baina gehiago nahi duela ematen du.

Lasterketako hamabosgarren jardunaldian, Rui Costak erdietsi du garaipena. Portugaldarraren palmaresak erakusten du portugaldarrak trebetasun handia duela irabazteko hori egiteko aukera duen bakoitzean; Espainiako Vueltan ez zuen garaipenik, bere kirol ibilbidean, eta orain, Lekunberrin eskuratutako aurreneko postua zenbatuta, ospe handiko beste garaipen bat gehitu du.

Intermarche taldeko ziklistak hotz izan du burua etapa jokatu dutenean, Azken jaitsieran, Zuarrarraten, Lennard Kamnak erasoa jo du atzetik, Evenepoel zihoan taldean, eta Costa eta Buitrago harrapatu ditu; alemaniarra ere maisua da igandekoa bezalako amaieretan, eta bazirudien aurkari gogorra zela beste bi txirrindularientzat, baina erorikoa izan du, eta pentsatzeko modukoa zen irabazteko aukerarik gabe gelditu behar zela. Hala ere, ez da hori gertatu, Kamnak erantzun ezin hobea eman baitu, berriro ere Buitragoren eta Costaren parean jarrita. Helmugaratu aurretik, Rui Costak erakutsi du azkarrena eta indartsuena zela, eta irabazi egin du, hain zuzen bigarren eta azken atseden egunaren bezperan.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - COSTA Rui (Intermarche) 3:30:56

2 - KAMNA Lennard (BORA) d. b.

3 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d. b.

4 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:02

5 - KRON Andreas (Lotto) d. b.

6 - RUBIO Einer Augusto (Movistar) d. b.

7 - RODRIGUEZ Cristian (Arkea) d. b.

8 - HAMILTON Chris (DSM) d. b.

9 - DENZ Nico (BORA) +0:36

10 - JANSSENS Jimmy (Alpecin) +1:07

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - KUSS Sepp (Jumbo) 54:38:42

2 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:37

3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +1:44

4 - AYUSO Juan (UAE) +2:37

5 - MAS Enric (Movistar) +3:06

6 - SOLER Marc (UAE) +3:10

7 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:12

8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +5:02

9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +5:30

10 - ALMEIDA Joao (UAE) +8:39