Itxi

Txirrindularitza

2024an egingo du debuta

Samuel Fernandez profesional mailara pasako da Caja Rural taldean, eta 2025ra arte sinatu du

EITB MEDIA

Txirrindulari asturiarra, 20 urtekoa bera, Nafarroako taldearen filialetik iritsi da talde profesionalera. 2023ko denboraldian, Fernandezek lau garaipen lortu ditu.

  • Samuel Fernandez gutxienez 2025era arte arituko da Caja Rural taldean. Argazkia: Caja Rural.

    Samuel Fernandez gutxienez 2025era arte arituko da Caja Rural taldean. Argazkia: Caja Rural.

Samuel Fernandez 20 urteko txirrindulari asturiarrak bi denboraldirako kontratu profesionala sinatu du Caja Rural-Seguros RGA taldearekin, hau da, 2025era artekoa, talde filialean bi denboraldi emanda, astelehenean Caja Ruralek berak iragarri duenez. Fernandezek lau garaipen erdietsi ditu 2023an, oraingoz.

Orain arte ibilbide laburra egin badu ere, 2022an Gavarnieko gainean irabazi zuen, Ronde de l'Isard proban, eta Aretxabaletan ere lortu zuen garaipena (hori izan zuen lehenengoa). Beasainen (bi aldiz), Ereñon eta Zegaman ere nagusitu da.

Caja Ruralek gogora ekarri duenez, proba mota guztietara moldatzen bada ere, ziklista asturiarra "bereziki lasterketetako amaieretan duen trebeziagatik eta igoeretan erakusten duen mailagatik nabarmentzen da, bai mendate luzeetan baita lehertzeko moduko helmugetan ere, eta azken horietan maila bikaina egiaztatu du", adierazi du Caja Ruralek horren inguruan.