Itxi

Txirrindularitza

Ostirala, Irailak 8

Espainiako Vueltako 13. etaparen profila eta ibilbidea: Formigal–Tourmalet (135 km)

EITB MEDIA

Aurtengo edizioko etapa nagusiak lau mendate ditu ibilbidean: 3. mailako bat, 1. mailako beste bat eta maila bereziko bi.

  • Espainiako Vueltako 13. etaparen profila. Argazkia: lavuelta.es

    Espainiako Vueltako 13. etaparen profila. Argazkia: lavuelta.es

Ostiralean, irailaren 8an, Espainiako Vueltako etapa nagusia lehiatuko da, 2023ko edizioko hamahirugarrena, eta Pirinioetako mendate ezagunetarikoak igaroko ditu.

Etapa laburra da, 135 kilometrokoa, baina oso gogorra; izan ere, txirrindulariek 4.000 metroko desnibel metatua gainditu beharko dute. Txirrindulariek ez dute arnasa hartzeko momentu bakar bat ere izango etapan zehar, mendate bakoitzaren jaitsieraren ostean berehala ekingo baitiete hurrengo mendatearen goranzko maldeei.

Etapa Formigaldik aterako da, eta berehala igo beharko dute jardunaldiko lehen mendatea, 3. mailakoa: Portalet (4,4 km eta % 5,4ko batez besteko maldak). Ondoren, Frantziako Estatuan sartu, eta gainerako hiru mendateak igoko dituzte: maila bereziko Aubisque (16,5 km eta % 7,1eko batez besteko maldak), 1. mailako Spandelles (10,3 km eta % 8,3ko batez besteko maldak) eta maila bereziko Tourmalet (18,9 km eta % 7,4ko batez besteko maldak).

Gehigarri gisa, eta helmugaren aurrekoa denez, Spandelles izango da etapako mendate hobariduna, eta hiru sari banatuko ditu, 6, 4 eta 2 segundokoak.

Faboritoek adi egon beharko dute, edozein huts garesti ordainduko dutelako eta etapa honek sailkapenean gauzak argitzen hastea aurreikusten delako.

ETAPAKO PROFILA

Espainiako Vueltako 13. etaparen profila

Espainiako Vueltako 13. etaparen profila

FITXA TEKNIKOA:

Etapa: 13. etapa (irailak 8, ostirala)

Ibilbidea: Formigal/Huesca la Magia-Tourmalet

Distantzia: 135 km

Irteera ordua: 13:50

Iritsiera ordua: 17:20 (40 km/h) | 17:30 (38 km/h) | 17:42 (36 km/h)

Mendiko saria: Portalet (3. maila), 4,4. kilometroan; Aubisque (maila berezia), 48,7. kilometroan; Spandelles (1. maila), 82. kilometroan; Tourmalet (maila berezia), 134,7. kilometroan.