Txirrindularitza
Osteguna, irailak 7
Espainiako Vueltako 12. etaparen profila eta ibilbidea: Olvega- Zaragoza (151 km)
EITB MEDIA
Atzo Laguna Negran amaitutako etapak ez zuen ezer aldatu faboritoen artean. Gaurko etapa esprinterrentzat egokia izan daiteke. Hala ere, txirrindulariek erne ibili beharko dute haizeak lasterketa baldintzatu dezakeelako.
-
Espainiako Vueltako 12. etaparen profila. Argazkia: lavuelta.es
Espainiako Vueltako 12. etapa gaur, irailaren 7an, jokatuko da, eta tropela Pirinioen inguruetara hurbilduko da. Hala ere, ez da mendiko etapa, eta esprinterrek aukera handia izango dute garaipena lortzeko. Profila ez da laua, baina ibilbideko mendateak ez dira sailkapenerako puntuagarriak. Horietako batean ihesaldi bat edo beste sortu daiteke.
Etapa pixkanakako jaitsiera luze batekin hasiko da. Ondoren, 36 kilometro egingo dituzte aldapan gora, Aragoin zehar. Zaragozako helmugatik 104 kilometrora dago Borja. Hortik Taustera arte (28 kilometro) etapako erabakigarriena izan daiteke. Dena den, apur bat luza daiteke Castejon de Valdejasako esprint sarituraino, amaieratik 50 kilometrora.
Haizea erabakigarria izan daiteke etaparen bilakaeran; izan ere, haize-babesak ohikoak izan dira Vuelta Zaragozara iritsi den bakoitzean. AEMET Espainiako Metereologia Agentziak iragarritakoaren arabera, hego-ekialdeko haizea espero da, orduko 18-20 kilometroko ufadekin.
2008an, etapa esprintean erabaki zen, eta litekeena da 2023an ere oso antzeko amaiera izatea, Aragoiko hiriburuko bukaeretan normalean gertatzen den moduan.
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 12. etapa (irailak 7, osteguna)
Ibilbidea: Olvega - Zaragoza
Distantzia: 151 km
Irteera ordua: 13:58
Iritsiera ordua: 17:22 (47 km/h) | 17:30 (45 km/h) | 17:40 (43 km/h)
Mendiko saria: Ez dago