Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Laboral Kutxak Cristina Tonetti fitxatu du datozen bi denboraldietarako

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Profesional gisa lehen urratsak Top Girls Fassa Bortolon eman ostean iritsiko da txirrindulari italiarra Euskal Herriko taldera.

  • Cristina Tonetti, Laboral Kutxaren fitxaketa berria. Argazkia: Laboral Kutxa

    Cristina Tonetti, Laboral Kutxaren fitxaketa berria. Argazkia: Laboral Kutxa

Laboral Kutxa - Euskadi Fundazioak Cristina Tonetti (2002, Besana Brianza) fitxatu du datozen bi denboraldietarako (2024-2025). Nazioarteko egutegiko lasterketa onenetan txirrindulari gisa dituen dohainak eta duen maila erakusteko asmoz dator Euskal Herrira txirrindulari italiarra. Taldearentzat etorkizuneko apustua da, eta, aldi berean, taldea klasikoetan eta erlojupeko probetan indartuko du. Aste honetan, Etorkizuneko Tourrean lehiatuko da Italiako selekzioarekin.

Txirrindulari azkarra da, eta Giroko azken bi ekitaldiak jokatu ditu. UCIko probetan, podiumera iritsi da, eta hainbat aldiz sailkatu da top 10ean. 2023an, Italiako erlojupeko taldekako txapelduna eta 23 urtez azpiko txapeldunordea izan zen; bigarren izan zen Trofeo Ponente in Rosa eta GP Liberazione klasikoetan, laugarren La Classique Morbihanen eta bosgarren Trofeo Oro in Euro lasterketan. Tonetti Laboral Kutxaren bosgarren fitxaketa da datorren denboraldirako, Laura Tomasi, Ane Santesteban, Catalina Soto eta Jessenia Meneses txirrindularien ondoren.

Cristina Tonetti: "Talde honetan datozen bi urteetan parte hartzeko gogo handia dut! Proiektu garrantzitsua da, eta konfiantza handia dut horretan. Nire taldekideengandik asko ikastea espero dut, eta nire ibilbide profesionalean urrats handia ematea. Klasikoetako txirrindularitzat daukat neure burua, eta errendimendu ona dut erlojupekoetan. Etorkizunean, espero dut nire susperraldia hobetzea itzulietan eta nire gaitasuna igoera luzeetan, nahiz eta nire ametsetako lasterketa eta helbururik handiena Flandriako Tourra izan beti!".

Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduradunak honakoa adierazi du: "Cristina txirrindulari gaztea eta etorkizun handikoa da, balioaniztuna, mendi ertainak gainditzeko gai izateaz gain, abiadura-punta interesgarria duelako talde txikietan. Gainera, klasikoetan oso ondo aritzen da, eta ikusiko dugu noraino irits daitekeen, aurrera egiteko tartea eta gaitasun handia duelako. Pozgarria da gure taldeak bere hazkundearekin jarraitzeko aukeratu izana, eta talentu hori garatzeko ingurunea eta tresna guztiak ematea espero dugu".