Itxi

Txirrindularitza

Berritzea

Gotzon Martinek Euskaltel-Euskadin jarraituko du 2024an

Agentziak | EITB MEDIA

Taldean egingo duen zazpigarren denboraldia izango da Orozkoko txirrindulariarentzat. Ekipo laranjaren erreferenteetako bat da, eta Jorge Azanza kirol arduradunaren konfiantzazko gizona.

  • Gotzon Martin, Euskaltel Euskadiko txirrindularia

    Gotzon Martin, Euskaltel Euskadiko txirrindularia

Gotzon Martinek zazpigarren denboraldia beteko du Euskaltel-Euskadin 2024an, eta hamarkada bat beteko du Euskadi Fundazioko taldeetan. Ekipo laranjaren erreferenteetako bat da, eta Jorge Azanza kirol arduradunaren konfiantzazko gizona. 

2023an, Andaluziako Itzuliko Mendia irabazteaz gain, udaberriko klasika frantziarretan nabarmendu da bere lana. Mikel Bizkarra eta Mikel Iturria taldekideen berritzeekin batera, Euskaltel-Euskadiko hiru txirrindulari esanguratsuenen jarraipena bermatu dute.

"Pozik nago beste denboraldi bat jarraitzeaz. Urtez urte pausoak eman ditut, eta uste dut mailan sendotuta nagoela. Taldeari ahal dudan guztia eman nahi diot eta datozen gazteei erakutsi. Gaztea nintzela sartu nintzen eta niri irakatsi zidaten. Orain, nik dut eskarmentua. Gogotsu nago aurten, eta datorren urtean berriro Vueltan egotea eta hazten jarraitzeko moduko egutegia izatea espero dut".

2015etik 2017ra amateur izan zen Euskadi-EDP Fundazioan, 2018an egitura profesionalean lehiatzen hasi baino lehen.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak azaldu duenez, "Gotzon Fundazioaren ikurra da: urte asko daramatza, urratsak eman ditu, eta orain maila garrantzitsua du. Gurekin aritzea beste urte batez nabarmentzekoa da, gurekin pausoak ematen dituzten txirrindulariek gure alde apustua egitea eta hemen hazten jarraitzea txalotzekoa da".

Euskaltel-Euskadik honako txirrindulari hauek ditu 2024rako: Nicolas Alustiza, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Víctor de la Parte, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Andoni Lopez de Abetxuko, Gotzon Martin, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia.