Itxi

Txirrindularitza

Munduko Txapelketa

Chloe Dygert estatubatuarrak irabazi du Munduko Txapelketako erlojupekoa

EITB MEDIA

Glasgown jokatzen ari diren txapelketan, banakako lasterketan, Dygert gailendu da, Grace Brown australiarrak irabazi du zilarrezko domina, eta Christina Schweinberger austriarrak bereganatu du brontzezkoa.

  • Brown, Dygert eta Schweinberger, podiumean. Argazkia: EFE.

    Brown, Dygert eta Schweinberger, podiumean. Argazkia: EFE.

Chloe Dygert txirrindulari estatubatuarrak irabazi du, ostegunean, 2023ko Munduko txirrindularitza Txapelketako banakako erlojupekoa, Glasgown (Eskozia); horrenbestez, munduko txapelduna da modalitate horretan, urrezko domina bereganatu du eta ortzadar maillota jantzi du, 2019an Yorkshiren (Erresuma Batua) egin zuen moduan. Grace Brown australiarra sailkatu da bigarren postuan (zilarrezko domina eskuratu du) eta Christina Schweinberger austriarra izan da hirugarren (brontzezko domina irabazi du).

2023ko Munduko Txapelketan, hilaren 3an, Dygertek urrezko domina irabazi zuen pistan, jazarpenean. Orain, erlojupekoan, 46 minutu, 59 segundo eta 80 ehunen behar izan ditu 36,2 kilometroko ibilbidea egiteko; Brownek baino 5 segundo eta 67 ehunen azkarrago egin du, eta Schweinbergerrek, ordea, minutu bat, 12 segundo eta 95 ehunen gehiago behar izan ditu.

Munduko txapeldunak (Ellen van Dijk herbeheretarrari hartu dio lekukoa, azken horrek irabazi baitzuen urrea 2021ean eta 2022an), Marlene Reusser suitzarra eta Demi Vollering herbeheretarra ere menderatu ditu; Reusser faborito nagusietakoa zen, eta Volleringek Frantziako Tourra irabazi berri du.

Hala, Dygertek beste arrakasta handi bat lortu du errepidean, 2020ko Munduko Txapelketan Imolan (Italia) izandako eroriko larria gaindituta.

Antonia Niedermaier alemaniarrak (11. sailkatu da) 23 urtez azpiko mailan irabazi du, Cedrine Kerbaol frantziarraren eta Julie de Wilde belgikarraren aurretik. Elite mailako erlojupekoa egin aurretik, junior mailakoa jokatu dute; Felicity Wilson-Haffenden australiarrak irabazi du, Isabel Sharp britainiarra izan da bigarren, eta Federica Venturelli italiarrak lortu du hirugarren tokia.