Txirrindularitza
Osteguna, abuztuak 31
Espainiako Vueltaren 6. etaparen profila eta ibilbidea: La Vall d'Uixó-Pico del Buitre (183,5 km)
EITB Media
Igoera gogor eta aldapatsuek, batez ere azken txanpakoek, sailkapen orokorreko lehen aldeak markatu ditzakete.
-
Espainiako Vueltaren 6. etaparen profila. Argazkia: lavuelta.es
Ostegun honetan, 2023ko Espainiako Vueltako seigarren etapa jokatuko da. 183,5 kilometroko ibilbidearekin, La Vall d 'Uixo eta Pico del Buitre artean, eta Javalambreko Behatoki Astrofisikoan amaituko da. Igoera gogor eta aldapatsuek, batez ere azken txanpakoek, sailkapen orokorreko lehen aldeak markatu ditzakete.
Ibilbide gero eta zailagoa izango da, etapak aurrera egin ahala. 50. kilometrora iristear daudela, lehen mendatea topatuko dute, Arenillas, 3. mailakoa. Ondoren, jaitsiera labur bat izango dute, eta kategoria bereko beste mendate bat igo beharko dute, Alto Fuente de Rubielos, 81. kilometroan.
Hortik aurrera, errepideak gora egingo du etapako azken mendatera heldu arte, eta bertan amaituko da. Pico del Buitre 1. mailako mendateak erabakiko du eguneko irabazlea: batez beste % 8ko aldapak ditu 11 kilometroko igoeran, baina % 10etik gorako maldak ere baditu.
Etapa ia itsas mailan hasi eta ia 2.000 metrora amaituko da. Ikusi egin beharko da, kilometroz kilometro, zer gertatzen den: faborietako batek irabaz dezake, Evenepoelek astelehenean Arinsalen egin zuen moduan, edo 2019ko antzeko amaiera ikus dezakegu, ihesaldi batekin. Gaurkoan, Evenepoel bera, Primoz Roglic, Jonas Vingegaard, Juan Ayuso, Joao Almeida eta Enric Mas protagonista izatea espero da.
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 6. etapa (abuztuak 31, osteguna)
Ibilbidea: La Vall d'Uixó-Pico del Buitre. Javalambreko Behatoki Astrofisikoa
Distantzia: 183,5 km
Irteera ordua: 12:20
Iritsiera ordua: 17:15 (39 km/h) | 17:30 (37 km/h) |17:47 (35 km/h)
Mendiko saria: Arenillas (3. maila), 48,8. kilometroan; Fuente de Rubielos (3. maila), 83,1. kilometroan; Pico del Buitre (1. maila), 183,1. kilometroan