Txirrindularitza
Asteazkena, abuztuak 30
Espainiako Vueltako 5. etaparen profila eta ibilbidea: Morella-Burriana (186,5 km)
EITB Media
Aurreko egunetako etapa batzuek izan duten ibilbide gogorraren ondoren, jardunaldi hau esprintean erabaki daiteke, hori gertatzeko profil egokia baitu.
-
Espainiako Vueltaren 5. etaparen profila. Argazkia: lavuelta.es
2023ko Espainiako Vueltako bosgarren etapa abuztuaren 30ean (asteazkena) jokatuko da, Morellatik (Castello) irten eta Burrianan (Castello) amaituko da, eta 186 kilometroko ibilbidea izango du. Aurreko egunetako etapa batzuek izan duten ibilbide gogorraren ondoren, jardunaldi hau esprintean erabaki daiteke, hori gertatzeko profil egokia baitu.
Txirrindulariek mendiko sailkapenerako puntuagarria den mendate bat aurkituko dute bidean, Collado de la Ibola, 2. mailakoa. Batez beste % 3,9ko maldak igo beharko dituzte; ez da oso gogorra, baina bai luzea, 11,4 kilometro egingo baititute gorako bidean. Vueltako antolatzaileek igoeraren amaiera adierazten duen pankarta jarri dute etapako 132,5 kilometroan, hau da, amaieratik 50 baino gehiagora.
Horrela, eta Vuelta hasi berria dela kontuan izanda, esprint masiboak erabaki lezake etapako garailea. Esprinterren taldeak horretan saiatuko dira, eta horretarako egingo dute lan.
Honako hauek dira gaurko faborito nagusiak: Juan Sebastián Molano (UAE Emirates), Alberto Dainese (DSM), Bryan Coquard (Cofidis), Kaden Groves (Alpecin), Hugo Hofstetter (Arkéa) eta Iván García Cortina (Movistar). Hala ere, ziur beste txirrindulariren bat ere saiatuko dela irabazten.
Datozen zortzi egunetan, beste bi aukera baino ez dituzte esprinterrek euren gaitasuna probatzeko: ostiralean, Utiel eta Olivia arteko etapan, eta datorren ostegunean, Olvega eta Zaragoza lotuko dituen ibilbidean.
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 5. etapa (abuztuak 30, asteazkena)
Ibilbidea: Morella-Burriana
Distantzia: 186,5 km
Irteera ordua: 12:50
Iritsiera ordua: 17:19 (45 km/h) | 17:30 (43 km/h) | 17:43 (41 km/h)
Mendiko saria: Ibola (2. maila), 132,5. kilometroan