Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Tao Geoghegan Hartek INEOS Grenadiers taldea utziko du, eta Lidl-Treken ibiliko da, 2026ra arte

EITB MEDIA

Txirrindulari britainarrak, 28 urtekoa bera, 2020ko Italiako Giroa irabazi zuen. Haren asmoa da 2024tik aurrera berriro ere itzuli handietako sailkapen nagusietako lehian izatea.

  • Tao Geoghegan Hart, 2020ko Italiako Giroa irabazita. Argazkia: EFE.

    Tao Geoghegan Hart, 2020ko Italiako Giroa irabazita. Argazkia: EFE.

Tao Geoghegan Hart txirrindulari britainiarrak INEOS Grenadiers taldea utziko du 2023ko denboraldiaren amaieran, eta Lidl-Treken ibiliko da 2024, 2025 eta 2026ko denboraldietan, ostegunean ziklistak berak eta bere talde berriak iragarri dutenez. Geoghegan Hartek (28 urte) 2020ko Italiako Giroa irabazi zuen, eta 2024tik aurrera itzuli handietako sailkapen nagusietako lehian aritu nahi du berriro.

"Talde berean zazpi urte eman ondoren, askotariko sentimenduak ditut 2024an beste erronka bati heldu aurretik. Lidl-Trek taldean, baina, aurpegi asko ezagutzen ditut jada, eta azken asteotan Luca Guercilena Lid-Trekeko zuzendari nagusiarekin, Josu Larrazabal zuzendariarekin eta Elke Weylandt Eragiketa alorreko nagusiarekin hitz egin eta gero, 2024an nire ibilbideko beste atal hau iristeko irrikan nago", esan du Geoghegan Hartek.

"Taldeak helburu handiak ditu, bazkideak prest daude asmo horiek babesteko, eta hori egiteko gaitasuna dute. Nire iritziz, asko dut hazteko atleta gisa, eta 2023an, lesioa jasan baino lehen, erakutsi dut zer egin ahal dudan lider gisa. Motibazio izugarria dut, sentimendu hori berriz ere bizitzeko", adierazi du.

Luca Guercilena Lidl-Trekeko zuzendari nagusia pozik agertu da Tao Geoghegan Hart taldean hartuko dutelako: "Horren ardurak eta lanak argi islatzen dute Lidl-Trek taldearen izaera. Pozarren hartuko dugu gure taldean. Tao gure abentura honetan murgilduta, guztiok bat egingo dugu mugak gainditu, handi bihurtu eta bikaintasuna lortzeko bidean".

Egun, Geoghegan Hart Amsterdamen dago, 2023an Italiako Giroan izan zuen erorikoak eragindako lesioa sendatzen. Hamaikagarren etapan utzi behar izan zuen lasterketa, sailkapen nagusiko hirugarren postuan zegoela.