Itxi

Txirrindularitza

6. etapa

Mattia Cattaneok irabazi du Katowiceko erlojupekoa, eta Matej Mohoricek lider jarraitzen du Poloniako Itzulian

Soudal Quick-Step taldeko italiarrak UAEko Joao Almeidak baino 13 segundo gutxiago eta INEOSeko Geraint Thomasek baino 14 segundo gutxiago behar izan ditu ibilbideko 16,6 kilometroak egiteko. Sailkapen nagusian, Mohoricek (Bahrain) aurreneko postuari eutsi dio, eta Almeida denbora berean dago.

3:19

Soudal Quick-Step taldeko Mattia Cattaneo txirrindulari italiarrak irabazi du ostegunean 2023ko Poloniako Itzuliaren seigarren eta azken-aurreko etapa, Katowicen jokatutako erlojupekoa, eta, bitartean, Bahrain-Victorious taldeko Matej Mohoric ziklista esloveniarrak sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarraitzen du. Cattaneok UAEko Joao Almeida portugaldarrak baino 13 segundo gutxiago eta INEOSeko Geraint Thomas galestarrak baino 14 segundo gutxiago behar izan ditu ibilbideko 16,6 kilometroak egiteko, eta sailkapen nagusian Mohoricek denbora berean du Almeida; INEOSeko Michal Kwiatkowski poloniarra dabil hirugarren, 14 segundora.

Osteguneko etapan, garaipena eskuratzeko hautagaiei erreparatuta, Geraint Thomasek egin du kontuan izateko moduko lehen denbora, 19:24 hain zuzen ere (kilometro orduko 51,34); galestarra Tobias Foss eta Stefan Bisseger espezialistak baino hobeto ibili da (hurrenez hurren, zazpi eta 15 segundo arinago).

Mattia Cattaneok 19:10 egin du, eta Thomasi aurrea hartu dio. Hurrengo minutuetan, ikusi du gainerako parte-hartzaileen lana, itxaropentsu, ea garaipena lortzerik zuen. Kwiatkowskik, sailkapen nagusiko hirugarrena bera, italiarrak baino 20 segundo gehiago baliatu ditu, Almeidak 12, eta, azkenean, Mohoric 23 segundora helmugaratu da.

Interesa handia da, sailkapen nagusia estu-estu baitago, eta zazpigarren eta azken etapak erabakiko du dena, ostiralean. Lasterketa Zabrzen hasi eta Krakovian amaituko da, eta ibilbideak 166,6 kilometro izango ditu. Hirugarren mailako bi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, eta amaiera, laua, ona da, hasiera batean, esprinterrentzat.

Etapako sailkapena

1 - CATTANEO Mattia (Soudal) 19:10

2 - ALMEIDA Joao (UAE) +0:13

3 - THOMAS Geraint (INEOS) +0:14

4 - FISHER-BLACK Finn (UAE) +0:16

5 - WELLENS Tim (UAE) +0:17

6 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +0:18

7 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) d. b.

8 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) +0:21

9 - FOSS Tobias (Jumbo) d. b.

10 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:24

Sailkapen nagusia

1 - MOHORIC Matej (Bahrain) 22:49:07

2 - ALMEIDA Joao (UAE) d. b.

3 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) +0:14

4 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +0:19

5 - CATTANEO Mattia (Soudal) +0:38

6 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:39

7 - DUNBAR Eddie (Jayco) +0:52

8 - MAJKA Rafal (UAE) +0:55

9 - BATTISTELLA Samuele (Astana) +0:57

10 - ONLEY Oscar (DSM) +1:04