Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Nicolas Alustiza, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari berria

EITB Media

Zumarragako (Gipuzkoa) ziklistak 20 urte ditu, eta bi urterako kontratua sinatu du Euskaltelekin. Azken denboraldietan Laboral Kutxan ibili da.

  • Nicolas Alustiza

    Nicolas Alustiza, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia. Argazkia: @euskaltelteam

Nicolas Alustiza gipuzkoarra profesional mailan lehiatuko da datorren denboralditik aurrera, Euskaltel-Euskadi taldearekin kontratua sinatu baitu datozen bi urteetarako. Zumarragakoa Euskadi Fundazioaren 23 urtez azpiko Laboral Kutxa taldean ibili da azken denboraldietan.

Alustizak 20 urte ditu, eta Goierri Txirrindularitza Elkartean eman zituen bere kirol-ibilbideko lehen pausoak. Orain, bi urterako kontratua sinatu du, 2025era arte. Hala, bada, Euskaltel-Euskadik datorren denboraldirako baieztatu duen hirugarren txirrindulari berria da Alustiza, Iker Mintegirekin eta Unai Zubeldiarekin batera.

2022an lepauztaia hautsi zuen, eta ez zuen denboraldi ona egin. Aurten, aldiz, lau garaipen bereganatu ditu; azkena, uztailaren 9an, Antzuloan. Gainera, 2023an Duranan (apirilean), Iturmendin (maiatzean) eta Seguran (ekainean) lortu ditu garaipenak.

"Fitxaketa honek asko esan nahi du niretzat, iraunkortasunaren eta lanaren sinonimoa baita. Etxeko taldearekin bi urterako kontratua sinatzea ametsa da. Igotzailea naiz, eta ondo konpontzen naiz taldetxo txikietan", adierazi du Alustizak Euskaltel-Euskadirekin kontratua sinatu ostean.