Itxi

Txirrindularitza

BERRITZEA

Pello Bilbaok 2026ra arte luzatu du kontratua Bahrain taldearekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Frantziako Tourraren 10. etapan, Issoiren, garaipena lortu eta biharamunean iragarri du taldeak txirrindulari gernikarraren inguruko erabakia.

  • Pello Bilbao, Frantziako Tourrean. Argazkia: EFE

    Pello Bilbao, Frantziako Tourrean. Argazkia: EFE

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak 2026ra arte luzatu du Bahrainekin duen kontratua, taldeak asteazken honetan iragarri duenez. Atzo, Issoiren, Frantziako Tourraren 10. etapa irabazi ostean eman du zuzendaritzak erabakiaren berri. Bere ibilbideko garaipenik garrantzitsuena izan da Bilbaorentzat, Auvernian, Puyko sumendien artean dauden erdi mailako mendateetan egindako etapan erdietsitakoa. Ihesaldi luzea egin eta gero, lehena helmugaratu zen txirrindulari euskalduna. 

2011z gero dabil profesional mailan Pello Bilbao. Bahrain taldeak ohar batean azaldu duenez, 33 urteko kirolariak "esperientzia eta garaipen esanguratsuak eskaini ditu Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean, oro har, emaitza onak dituen aldi berean: Giroan bosgarren egin du bitan, eta 2021eko Tourrean bederatzigarren sailkatu zen".

Pello Bilbaok, bere aldetik, honako hau adierazi du: "Oso pozik nago Bahrain taldearekin kontratua luzatu dudalako. Azken urteotan, familia horretako kide sentitu naiz. Taldekide eta teknikari guztien babesa sentitzen dudan lekuan nago, eta taldearen etorkizuneko arrakastaren parte izatea espero dut".

Milan Erzen zuzendari nagusia ere pozik agertu da erabakiagatik. "Taldearentzat korrikalari aparta" bilakatu dela nabarmendu du, "buru-belarri aritzeaz gain, lan bikaina egin duelako". Horrez gain, gaineratu duenaren arabera, "Pelloren esperientzia eta lidergo-gaitasuna gure lorpenen alde garrantzitsuak izan dira, eta datozen urteetan ere hazten jarrai dezala espero dugu. Harro gaude gure familian izateaz".