Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia

Evenepoelek irabazi du Suitzako Itzuliko 7. etapa eta Mäderri eskaini dio garaipena

EITB Media

Remco Evnepoel izan da Suitzako Itzuliko zazpigarren etapako garailea. Belgikarrak helmugarako 20 kilometro falta zirenean jo du erasoa, geroago atzean utzi ditu aurkari guztiak eta lehena izan da helmuga gurutzatzen.

  • Remco Evenepoel

    Remco Evenepoel, 7. etapako garaipena Mäderri eskaintzen. Argazkia: EFE

Remco Evenepoelek (Soudal-Quick Step) irabazi du Suitzako Itzuliko zazpigarren etapa, larunbat honetan, ekainaren 17an, Tübach eta Weinfelden (183,5 kilometro) artean egin dena. Belgikarrak garaipena eskaini dio ekainaren 16an hil zen Gino Mäderri.

Seigarren etapa bertan behera geratu zen ekainaren 16an, eta txirrindulariek neutralizatuta egin zituzten azken 20 kilometroak Gino Mäderren omenez. Suitzarrak eroriko latza izan zuen 5. etapan, ospitalera eraman zuten eta handik ordu gutxira hil zen.

Zazpigarren etapa hasi baino lehen Mäder kide zen Bahrain Victorious taldeak iragarri du Suitzako Itzulia uzten duela. Geroago, Intermarche eta Tudor taldeek ere adierazi dute ez dituztela azken bi etapak jokatuko. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute lasterketak aurrera jarraituko duela Mäderren familiaren eta beste taldeen oniritzia jaso ostean.

Suitzako Itzuliko azken-aurreko etapan ez gainsaririk egon eta helmugrako 25 kilometro falta zirenean hartu dira sailkapen nagusirako denborak. Ordura arte tropela bat eginda ibili da.

Amaieran hasi dira mugimenduak. Remco Evenepoelek erasoa jo du Ottenbergeko igoeran. Taldetxo batek tropelarekiko abantaila hartu du, eta Evenepoel beste eraso batek erabaki du etapa. Belgikarrak aurrera egin du, inork ezin izan du haren erritmoa jarraitu eta lehena izan da helmugaratzen. Wout van Aert (Jumbo-Visma) izan da bigarren eta Bryan Coquard (Cofidis) hirugarren. Alex Aranburu (Movistar) euskal txirrindulariak bosgarren postuan amaitu du.

Mattias Skjelmose (Trek-Segafredo) da sailkapen nagusiko liderra, eta etapa bakarraren faltan 8 segundo ateratzen dizkio Felix Galli (AG2R) eta 18 Juan Ayusori (UAE Emirates).


Etapako sailkapena:

1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 4:01:04

2 - VAN AERT Wout (Jumbo) d.b.

3 - COQUARD (Bryan) d.b.

4 - MANZIN Lorrenzo (TotalEnergies) d.b.

5 - ARANBURU Alex (Movistar) d.b.

6 - VERMAERKE Kevin (DSM) d.b.

7 - GRÉGOIRE Romain (Groupama) d.b.

8 - KOCH Jonas (BORA) d.b.

9 - SERRANO Gonzalo (Movistar) d.b.

10 - DINHAM Matthew (DSM) d.b.

Sailkapen nagusia:

1- SKJELMOSE Mattias (Trek) 20:44:45

2 - GALL Felix (AG2R) +0:08

3 - AYUSO Juan (UAE) +0:18

4 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:46

5 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) +1:16

6 - BARDET Romain (DSM) +1:29

7 - URÁN Rigoberto (EF Education) +1:54

8 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +1:57

9 - TEUNS Dylan (Israel) +3:00

10 - TEJADA Harold (Astana) +3:48