Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia

Erasoaren aldeko apustuak etapa garaipena eta maillot horia eman dizkio Felix Galli, Suitzako Itzulian

EITB MEDIA

AG2R taldeko txirrindularia bigarren postuan helmugaratu zen asteartean, Mattias Skjelmoseren atzetik, baina asteazkenean garaipen handia erdietsi du, eta, gainera, sailkapen nagusiko lehen postuan jarri da. Pello Bilbao laugarren tokira igo da, sailkapen nagusi horretan.

  • Felix Gallek garaipen bikaina eskuratu du, eta lider jarri da. Argazkia: EFE.

    Felix Gallek garaipen bikaina eskuratu du, eta lider jarri da. Argazkia: EFE.

AG2R taldeko Felix Gall txirrindulari austriarrak irabazi du, asteazkenean, 2023ko Suitzako Itzuliaren laugarren etapa, erakustaldi bikaina eginda, eta, horrez gain, sailkapen nagusiko lehen postuan jarri da, Trek-Segafredoko Mattias Skjelmose danimarkarrari maillot horia kenduta. Gall bigarren postuan helmugaratu zen asteartean, Skjelmoseren beraren atzetik, baina asteazkenean garaipen handia erdietsi du. Etapa biziki gogorra izan da, eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorious), oso sendo beste behin, sailkapen nagusiko laugarren tokira igo da.

Hirugarren etapan ere jazo zenez, Suitzako Itzuliaren laugarren jardunaldiak interes handia izan du, zaleentzat. Sailkapen nagusiko lehen hamar postuetan zeuden gizonetako hainbat ahalegindu dira etapa garaipenaren lehian sartzen, edo sailkapenean gora egiten. Gall, alegia, lider berria, bederatzigarren tokian zebilen eguna hasi aurretik;  Pello Bilbao postu bat aurreratu da, Wilco Kelderman (Jumbo) bosgarren dabil orain, DSMko Romain Bardet hamargarren postutik zazpigarrenera igo da. EF Education taldeko Rigoberto Uran hamargarren postuan da orain, Gallekiko minutu bat eta 50 segundora; hau da, lasterketako erdia jokatuta, ez dago ezer erabakita, eta lehia bizi-bizi dago.

Eguneko azken igoera hasi dela, eguneko ihesaldia kontrolpean zegoen; izan ere, lasterketa buruko taldeak minutu bateko aldea zuen errepidea maldan gora jarri denean. Gallek ez du zalantzarik izan, eta erasoa jo du; laster egin du bat aurrekoekin, eta segituan geratu da bakarka, oraindik kilometro gogor batzuk geratzen zirela. Lan ederra egin du, eta argi utzi die aurkari guztiei indartsuena zela eta irabazi nahi zuela.

Txirrindulari austriarra harrapatu nahian zebiltzanak elkarri erasotzen hasi dira. Pello Bilbao saiatu da, Bardet ere bai, Kelderman ere aurreratu da. Lehia polita izan da, baina, azkenean, denak ia parean iritsi dira helmugara. Bertan, Soudal taldeko Remco Evenepoelek esprinta egin du, denbora saria bereganatzeko. Gall minutu bat eta bi segundo lehenago sartu da.

Jon Izagirre (Cofidis) berriro ere ibili da onenengandik oso gertu, baina sailkapen nagusian hiru postu galdu ditu, eta orain hamaikagarren tokian dabil, Felix Gallekiko bi minutu eta zortzi segundora. Movistar taldeko Alex Aranburu postu horretan bertan helmugaratu da etapan, eta Gorka Izagirre taldekidea hemeretzigarren dabil sailkatuta. Sailkapen nagusian, Aranburu 23. postuan da.

Ostegunean, bosgarren etapa izango da jokoan. 211 kilometroko ibilbidea du, Fieschen hasiko da, eta La Punten amaitu. Maila bereziko bi mendate igo beharko dituzte parte-hartzaileek, bigarrena helmugarako hamar kilometrora, eta 1. mailako beste bat; etapa handia, beraz, eta erabakigarria izan liteke.

4. ETAPAKO SAILKAPENA

1 - GALL Felix (AG2R) 03:42:22

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +01:02

3 - SKJELMOSE Mattias (Trek) +01:03

4 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +01:05

5 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) d. b.

6 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.

7 - BARDET Romain (DSM) +01:07

8 - MONIQUET Sylvain (Lotto) +01:10

9 - TEJADA Harold (Astana) +01:36

10 - SCHACHMANN Maximilian (BORA) +01:49

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - GALL Felix (AG2R) 11:19:50

2 - SKJELMOSE Mattias (Trek) +00:02

3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +00:16

4 - BILBAO Pello (Bahrain) +00:57

5 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) +01:12

6 - AYUSO Juan (UAE) +01:18

7 - BARDET Romain (DSM) +01:25

8 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +01:26

9 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) +01:33

10 - URAN Rigoberto (EF Education) +01:50