Itxi

Txirrindularitza

Dauphine Kriteriuma

Alaphilippek irabazi du Dauphine Kriteriumaren bigarren etapako esprinta; Laportek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Soudal-Quick Step taldeko txirrindulari frantziarra izan da azkarrena La Chaise-Dieuko helmugan; Richard Carapaz (EF Education) eta Natnael Tesfatsion (Trek-Segafredo) sartu dira bigarren eta hirugarren postuetan. Laportek (Jumbo-Visma) laugarren egin du, eta maillot horiari eutsi dio.

  • Alaphilippek bikain irabazi du esprinta, bigarren etapan. Argazkia: EITB Media.

    Alaphilippek bikain irabazi du esprinta, bigarren etapan. Argazkia: EITB Media.

Soudal-Quick Step taldeko Julian Alaphilippe txirrindulari frantziarrak irabazi du, astelehenean, 2023ko Dauphine Kriteriumaren bigarren etapa, La Chaise-Dieun, esprintean, Richard Carapaz (EF Education) eta Natnael Tesfatsion (Trek-Segafredo) mendean hartuta (Carapaz bigarren sartu da, eta Tesfatsion hirugarren). Sailkapen nagusian, Christophe Laporte Jumbo-Visma taldeko ziklista frantziarrak lider jarraitzen du; izan ere, laugarren postuan sartu da bigarren etapan, eta, hortaz, maillot horiari eustea erdietsi du. Laportek lehen eta laugarren postuak eskuratu ditu orain arteko bi etapetan, eta Alaphillipek, aldiz, 38. egin zuen aurreneko etapan; beraz, biak berdinduta daude, baina Laporte dabil aurretik.

Denboraldi honetan bigarren aldiz irabazi du Alaphilippek; hain zuzen, Faun-Ardeche Classic lasterketa ere bereganatu zuen otsailean. Pentsatzeko modukoa da frantziarra, 2020ean eta 2021ean munduko txapelduna bera, sasoi onean iritsiko dela Frantziako Tourrera; horretan, sei etapa ditu irabazita, 2018tik 2021era bitartean. Astelehenean izandako esprintean, argi menderatu ditu aurkari guztiak; Richard Carapazek jo du aurrera, azken metroetan, eta eraso hori baliatu du Alaphilippek, tropeleko erdialdean nabarmentzeko. Segituan jarri da buruan, eta nagusitasun handiz gailendu da; helmuga zeharkatzean egin duen keinua, gainerako ziklistei lasaitasuna eskatzen egongo balitz bezala, oso esanguratsua izan da.

Kenny Elissonde (Trek-Segafredo), Jonas Gregaard (Uno-XPro), Andrea Piccolo (EF Education), Pierre Latour (TotalEnergies), Victor Campenaerts (Lotto) eta Nans Peters (AG2R) izan dira eguneko ihesaldian; tropelak, baina, Jumbo kondo gidatuta, kontrolpean izan ditu iheslariak. Elissonde eta Campenaerts heldu dira urrutien; hamar bat kilometro geratzen zirela harrapatu dituzte bi horiek. Ematen zuen esprinta egon zitekeela, bereziki ikusita nola Jonas Vingegaard, tropel buruan, erasoa jotzen ahalegindu diren guztien bila ibili den. Laporteren lehen postua zegoen jokoan, eta Jumbok ez du nahi izan maillot horia galdu.

Hala, esprintak zehaztu du garailearen izena, eta Alaphillipek eskuratu du etapa. Sailkapen nagusian, ez da aldaketa nabarmenik izan; Vingegaardek lehen postutik hamar segundora jarraitzen du, hamalaugarren tokian, eta Mikel Landa (Bahrain-Victorious) 44. postuan dabil, Laporterekiko 32 segundora eta Vingegaardekiko 22ra. Asteartean, hirugarren etapa jokatuko dute; 194 kilometroko ibilbidea du horrek, eta Monistrol-sur-Loiren hasiko da eta Le Coteaun amaitu.

2. ETAPAREN SAILKAPENA

1 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) 03:54:53

2 - CARAPAZ Richard (EF Education) d. b.

3 - TESFATSION Natnael (Trek) d. b.

4 - LAPORTE Christophe (Jumbo) d. b.

5 - VAN GILS Maxim (Lotto) d. b.

6 - STANNARD Robert (Alpecin) d. b.

7 - WRIGHT Fred (Bahrain) d. b.

8 - ONLEY Oscar (DSM) d. b.

9 - BRENNER Marco (DSM) d. b.

10 - CHAMPOUSSIN Clement (Arkea) d. b.

13 - ABERASTURI Jon (Trek) m. t.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - LAPORTE Christophe (Jumbo)  07:38:13

2 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) d. b.

3 - CARAPAZ Richard (EF Education) +00:04

4 - HERREGODTS Rune (Intermarche) +00:06

5 - VAN GILS Maxim (Lotto) +00:10

6 - STANNARD Robert (Alpecin) d. b.

7 - WRIGHT Fred (Bahrain) d. b.

8 - BRENNER Marco (DSM) d. b.

9 - CHAMPOUSSIN Clément (Arkea) d. b.

10 - BOASSON HAGEN Edvald (TotalEnergies) d. b.