Itxi

Txirrindularitza

38 urterekin

Mark Cavendishek txirrindularitza utziko du denboraldiaren amaieran

Agentziak | Erredakzioa

Astanako txirrindulariak Italiako Giroko atseden egunean eman du bere erabakiaren berri. 38 urteko txirrindulariak 17 urte eman ditu profesionaletan, eta guztira 161 garaipen lortu ditu.

  • Mark Cavendish

    Mark Cavendish. Argazkia: Efe.

Mark Cavendish (Astana) 2011. urteko munduko txapeldun eta historiako esprinterrik onenak denboraldiaren amaieran txirrindularitza utziko duela iragarri du Italiako Giroko atseden egunean.

Britainiarrak 38 urte ditu eta 17 eman ditu profesionaletan. Guztira, 161 garaipen lortu ditu, eta Frantziako Tourrean parte hartuko du, Eddy Merckxekin partekatzen duen 34 etapa garaipenen marka hausteko asmoz.

"Egindako kilometro bakoitza disfrutatu dut, eta orain hau nire azken Italiako Giroa eta profesional modura egingo dudan azken denboraldia izango dela esateko momentu aproposa dela sentitzen dut", adierazi du Cavendishek.

Britainiarra emaztearekin eta semearekin agertu da prentsaurrekoan, eta hunkituta gogoratu du bere ibilbidea.

"Txirrindularitza nire bizitza izan da 25 urtez. Amets handia bizi izan dut. Bizikletari esker, mundua eta pertsona ikaragarriak ezagutzeko aukera izan dut. Kirol hau izugarri maite dut, eta ez dut neure burua txirrindularitzatik oso urruti ikusten, hori argi daukat", gaineratu du.

Palmaresa

Cavendish 2007. urtean hasi zen profesionaletan lehiatzen, eta 161 garaipen lortu ditu, 2011. urtean Danimarkan irabazitako Munduko Txapelketa eta 2009. urteko Milan-San Remo barne. Tourrean, Giroan eta Vueltan irabazi ditu etapak, eta hiru itzuli handietan jantzi du liderraren maillota.

Pistan, hirutan irabazi du Munduko Txapelketa, madison modalitatean, eta zilarrezko domina irabazi zuen 2016an Rion, Olinpiar Jokoetan., omnium modalitatean.