Txirrindularitza
Fléche Wallonne
Pogacarrek irabazi du Flèche Wallonne klasikoa, eta Landa hirugarren izan da
EITB Media
Tadej Pogacarrek bereganatu du garaipena Belgikako klasikoan, Huyko igoeran erabateko nagusitasuna erakutsita. Skjelmosek gurutzatu du helmuga bigarren postuan, eta Mikel Landak osatu du podiuma hirugarren amaituta.
Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) irabazi du 2023ko Flèche Wallonne klasikoa asteazken honetan, apirilaren 19an, Huyko igoeran erakustaldia emanda. Mikel Landa (Bahrain - Victorious) hirugarren izan da, eta Trek-Segafredo taldeko Mattias Skjelmosek lortu du bigarren postua, Huyko Harresian. Urtero bezala, bertan amaitu da Flèche Wallonne klasikoa, eta igoera horretako malda gogorretan erabaki da, ia beti gertatzen denez, zein den probako irabazlea.
Esloveniarrak, horrenbestez, bigarren garaipena lortu du aurtengo Ardenetako Triptikoan, aurreko igandean Amstel Gold Race lasterketa ere lehen postuan amaitu baitzuen; hurrengo igandean, Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan, aukera izango du ospe handiko Triptikoa irabazteko.
Nabarmentzekoa da Mikel Landak egindako lana. Murgiarrak maila bikaina eman zuen Euskal Herriko Itzulian, eta sailkapen nagusian bigarren egin zuen, Jonas Vingegaarden atzetik; indarra izan zuen, gainera, danimarkarrarekin hainbat une erabakigarritan ibiltzeko. Itzulia amaitutakoan, burutik beherakoa izan du, eta zalantza zen aurrenekoen parean aritzeko gauza izango zen. Bada, berriro ere lasterketa aparta egin du, eta podiumera igo da, hirugarren postua lortuta. Euskal txirrindularitzak 2003tik ez zuen lortzen Flèche Wallonnaren podiumera igotzea; urte hartan, Igor Astarloak irabazi zuen proba, eta Aitor Osa bigarren iritsi zen.
Aurtengo Flèche Wallonne klasikoan zortzi gizonek egindako ihesaldia izan da. Raul García Pierna (Kern Pharma), Jetse Bol (Burgos BH), Jacob Hindsgaul Madsen (Uno-X), Daryl Impey (Israel), Georg Zimmermann (Intermarche), Soren Kragh Andersen (Alpecin) eta Johan Meens (Bingoal) sartu dira talde horretan. Lan ona egin dute, eta ondo konpondu dira, baina tropelak, Tadej Pogacarren UAE Team taldeak gidatuta, kontrolpean izan ditu iheslariak. Azken zatian, Zimmermann, Madsen eta Kragh Andersen geratu dira lasterketa buruan, eta azken hori Huyko Harresia gertu zegoela harrapatu dute, azkenean.
Azken igoera, ohi bezala, ikusgarria izan da. DSM taldeko Romain Bardetek jo du aurreneko erasoa, gizon indartsuenen artean, baina Pogacarrek segituan erakutsi du sasoi betean dagoela, eta lasterketa apurtu du. Skjelmosek eta Landak erantzun ona eman dute, eta azken metroetan bazirudien esloveniarraren garaipena eztabaidatzeko moduan izango zirela, baina ez da hori gertatu, eta UAEko liderra astean bigarren aldiz gailendu da Ardenetan, Flèche Wallonne klasikoa aurrenekoz bereganatuta.
Ondo ibili da, halaber, Movistar taldeko Alex Aranburu; izan ere, hamahirugarren sartu da, eta Huyn bertan onenen parean ibili da. Ion Izagirrek (Cofidis), aldiz, 27. postuan amaitu du.
LASTERKETAKO SAILKAPENA:
1 - POGACAR, Tadej (UAE) 4:27:53
2 - SKJELMOSE, Mattias (Trek) d.b.
3 - LANDA, Mikel (Bahrain) d.b.
4 - WOODS, Michael (Israel) +0:03
5 - CICCONE, Giulio (Trek) d.b.
6 - LAFAY, Victor (Cofidis) d.b.
7 - BENOOT, Tiesj (Jumbo-Visma) d.b.
8 - VAN GILS, Maxim (Lotto) d.b.
9 - BARDET, Romain (DSM) d.b.
10 - BARGUIL, Warren (Arkéa) d.b.
13 - ARANBURU, Alex (Movistar) +0:10
27 - IZAGIRRE, Ion (Cofidis) +0:15
44 - OKAMIKA, Ander (Burgos-BH) +0:37