Itxi

Txirrindularitza

E3 Saxo Classic 2023

Van Aertek irabazi du E3 Saxo klasikoa Van der Poel eta Pogacar mendean hartuta

EITB Media

Wout van Aert da E3 Saxo Classiceko irabazlea. Belgikarra ihes eginda iritsi da Mathieu van der Poelekin eta Tadej Pogacarrekin batera, eta nagusi izan da hiruren arteko esprintean. Van der Poel izan da bigarren eta Pogacar hirugarren.

  • Wout van Aert

    Van Aert, garaipena ospatzen, atzetik Van der Poel eta Pogacar dituela. Argazkia: @JumboVismaRoad

Wout van Aertek (Jumbo Visma) irabazi du E3 Saxo Classic lasterketa, ostiral honetan, martxoaren 24an, egin dena. Hortaz, belgikarrak iaz lortutako garaipena berretsi du.

Txirrindulariek ikuskizun bikaina eskaini dute Harelbeken hasi eta amaitu den 204,1 kilometroko ibilbidean zehar. Batez ere, zirraragarria izan da Van Aertek, Mathieu van der Poelek (Alpecin-Deceunninck) eta Tadej Pocagarrek (UAE Emirates) izandako borroka. Hirukotea ihes eginda iritsi da azken metroetara, eta esprintean nagusitu da Wout van Aert. Van der Poel izan da bigarren eta Tadej Pogacar hirugarren.

Helmugarako 37 kilometro falta zirenean hautsi da lasterketa Pogacarren erasoaldiari esker. Esloveniarrari Van Aertek eta Van der Poelek jarraitu diote. Hirurek lasterketaren burua hartu eta eutsi egin diote azkenera arte.

Amaierako 1.000 metroetan elkar zaintzen ibili dira. Pogacarrek abiatu du esprinta lehenengo; beste biek, ordea, azkar erantzun diote, eta euren arteko lehian Van Aert izan da onena

Matteo Jorgenson (Movistar) izan da laugarren irabazlearekiko 33 segundora eta Ivan Garcia Cortinak (Movistar) gurutzatu du helmuga bosgarren postuan Van Aertekiko 44 segundora.

SAILKAPENA:

1 - VAN AERT Wout (Jumbo) 4:44:59

2 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) d. b.

3 - POGACAR Tadej (UAE) d. b.

4 - JORGENSON Matteo (Movistar) +0:33

5 - GARCIA CORTINA Iván (Movistar) +0:44

6 - KÜNG Stefan (Groupama) +0:56

7 - MOHORIC Matej (Bahrain) d. b.

8 - MADOUAS Valentin (Groupama) +1:25

9 - KRAGH ANDERSEN Søren (Alpecin) +1:31

10 - GANNA Filippo (INEOS) d. b.