Txirrindularitza
Paris-Niza 2023
Pogacar nagusitu da Paris-Nizako 7. etapan eta lidertza sendotu du
A. B. E: | EITB Media
Tadej Pogacarrek bere bigarren etapa garaipena bereganatu du 2023ko Paris-Niza lasterketan. 7. etapan esloveniarrak 2 segundo atera dizkio Gauduri eta 6 Vingegaardi.
-
Tadej Pogacar Paris-Nizako 7. etapan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Tadej Pogacarrek (UAE Emirates Team) irabazi du Paris-Nizako zazpigarren etapa, larunbat honetan, martxoaren 11n, egin dena Niza eta Couillole mendatea artean eta 142,9 kilometroko ibilbidea izan duena. Esloveniarrak bigarren garaipena bereganatu du aurtengo edizioan eta lidertza sendotu du aurkari zuzenei segundo gehiago sartuta.
Hasieratik egon dira tropeletik ihes egiteko saiakerak. Kobe Goosensek (Intermarche-Circus-Wanty) jo du lehen erasoa, eta lasterketa buruan jarri da; ondoren, ordea, beste txirrindulari hauxek batu zaizkio: Lilian Calmejane (Intermarche-Circus-Wanty), Javier Romo (Astana), Nils Politt (Bora-Hansgrohe), Larry Warbasse eta Dorian Gordon (Ag2R-Citröen), Florian Senechal eta Remi Cavagna (Soudal-Quick-Step), Brent Van Moer, Harrison Sweeny eta Pascal Eenkhoorn (Lotto Dstny), Hugo Houle (Israel-Premier Tech), Jeremy Cabot (Total Energies), Soren Kragh Andersen (Alpecin Deceuninck), Kelland O'Brien eta Lucas Hamilton (Jayco Alula), Josh Tarling (Ineos Grenadiers), Gregor Muhlberger (Movistar) eta David De la Cruz (Astana).
Tourette du Cahuteauko jaitsieran atzean geratu da Tarling, eta lasterketa buruko taldea 18 txirrindularikoa izatera pasatu da. Geroago, helmugarako 38 kilometro falta zirenean ihesaldiko taldea utzi eta aurrera egin dute De la Cruzek, Goosensek, Sweenyek eta Romok. Ondoren, berriro handitu da taldea 17 txirrindularirekin, baina etapa azken 25 kilometrotan sartu denean Politt, Eenkhoorn, Cabot, Goosens eta Romo geratu dira lasterketa buruan.
Helmugatik 16 kilometrora, Couiolle mendatearen hasieran, erasoak eman dira ihesaldiko kideen artean, eta, Romok eta Goosensek egin dute aurrera. Tropelean, aldiz, Jumbo Visma taldeak bizitu du erritmoa. Jonas Vingegaard buru duen taldearen lanari esker harrapatu ditu tropelak Romo eta Goosens helmugarako bederatzi kilometrora.
Tropelak bat egin ostean, helmugarako sei kilometro falta zirenean Tadej Pogacarrek (UAE Emirates Team) jo du erasoa eta zuloa ireki du aurkariekiko. Atzetik irten dira Jonas Vingegaard eta David Gaudu (Groupama-FDJ), eta kostata izan bada ere, bat egin dute esloveniarrarekin. Amaierarako bi kilometro falta zirenean Gauduk erasotu du, Pogacar haren gurpilera itsatsi da, eta Vingegaard atzean utzi dute biek ala biek. Hala ere, danimarkarrak aurreko biekin bat egitea lortu du igoerako azken txanpan, eta, gainera, erasoa jo du; Vingegaarden saiakerari, ordea, azkar erantzun dio Pogacarrek, eta ez Gaudu ez Vingegaard ez dira gai izan haren erritmo biziari eusteko. Horrenbestez, etapa garaipena Pogacarrek bereganatu du, Gaudu izan da bigarren 2 segundora eta Vingegaard hirugarren 6 segundora.
Sailkapen nagusian Tadej Poghacarrek 12 segundo ateratzen dizkio David Gaudu bigarrenari eta 58 Jonas Vingegaard hirugarrenari.
7. etapako sailkapena:
1 - POGACAR Tadej (UAE) 3:56:08
2 - GAUDU David (Groupama) + 0:02
3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) + 0:06
4 - YATES Simon (Jayco) + 0:19
5 - POWLESS Neilson (EF Education) + 0:24
6 - MÄDER Gino (Bahrain) + 0:28
7 - BARDET Romain (DSM) + 0:30
8 - SIVAKOV Pavel (INEOS) + 0:38
9 - JORGENSON Matteo (Movistar) d. b.
10 - LATOUR Pierre (TotalEnergies) + 0:53
Sailkapen nagusia:
1 - POGACAR Tadej (UAE) 21:10:50
2 - GAUDU David (Groupama) + 0:12
3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) + 0:58
4 - YATES Simon (TJayco) + 1:27
5 - MÄDER Gino (Bahrain) + 1:59
6 - POWLESS Neilson (EF Education) + 2:20
7 - BARDET Romain (DSM) + 2:22
8 - JORGENSON Matteo (Movistar) + 2:32
9 - SIVAKOV Pavel (INEOS) + 3:08
10 - LATOUR Pierre (TotalEnergies) + 3:17