Itxi

Txirrindularitza

Bosgarren etapa

Kooijek Paris-Nizako bosgarren etapako esprinta bereganatu du, eta Pogacarrek maillot horiari eutsi dio

EITB MEDIA

Jumbo-Visma taldeko txirrindulari herbeheretarra azkarrena izan da Saint-Paul-Trois-Chateaux herrian izandako helmugan, eta nagusitasun handiz gailendu da esprintean, Pedersen eta Merlier atzean utzita. Sailkapen nagusian, Gauduk lau segundo kendu dizkio Pogacarri.

3:10
Paris-Nizako bosgarren etapako azken esprinta

Jumbo-Visma taldeko Olav Kooij txirrindulari herbeheretarrak irabazi du 2023ko Paris-Niza lasterketako bosgarren etapa, Saint-Paul-Trois-Chateaux herrian, esprintean. Kooij nagusitasun handiz gailendu da helmugan, Trek-Segafredoko Mads Pedersen danimarkarra eta Soudal Quick-Stepeko Tim Merlier belgikarra atzean utzita. Sailkapen nagusian, David Gaudu Groupama-FDJ taldeko bretoiak, alegia, bigarren postuan dagoen txirrindulariak, lau segundo kendu dizkio UAE Team Emirates taldeko Tadej Pogacar esloveniarrari; Pogacarrek maillot horiari eutsi dio, baina esprint berezi batean galdu ditu lau segundo horiek.

Asteazkeneko etapa mendate batean amaitu zen, faboritoen artean bizi-bizia izan zen lehia, eta alde esanguratsuak markatu zituzten. Ostegunean, ordea, azken zatian izan da emozioa; esprinterren taldeak, orduan, ahalegindu dira gizon azkarrak leku egokian jartzen, haiek lana behar bezala amaitzea helburu.

Helmugan, Kooij izan da onena, eta Jumbo-Visma taldearen egun handia biribildu du. Paris-Nizan ez ezik, Tirreno-Adriatiko lasterketan ere nagusitu da Jumboko txirrindulari batek, Primoz Roglicek hain zuzen.

Sailkapen nagusian, kontuan izateko modukoa da David Gauduk, orain, soilik sei segundo dituela galduta Pogacarrekiko; hori izan da aldaketarik nabarmenena. Hori bai: liderrak, nola bi segundoko denbora saria bereganatu duen, alde hori sartu die gainerako beste arerioei. Cofidis taldeko Ion Izagirre gipuzkoarrak hamabigarren tokian jarraitzen du, eta sailkapen nagusiko lehen euskal txirrindularia da.

Ostiralean, 2023ko Paris-Niza lasterketako seigarren etapa jokatuko dute. Tourvesen hasi eta La Colle-sur-Loupen amaituko da, eta ibilbideak 197,4 kilometro izango ditu. Guztira, bost mendate igo beharko dituzte txirrindulariek; horietako hiru bigarren mailakoak dira, eta gainerakoak, aldiz, hirugarren mailakoak. Eguneko azkena, bigarren mailakoa bera, helmugarako 30 bat kilometro geratuko direla igo beharko dute; hain zuzen ere, helmugatik lehen aldiz igaro eta berehala.

BOSGARREN ETAPAKO SAILKAPENA

1 - KOOIJ Olav (Jumbo-Visma) 5:19:54

2 - PEDERSEN Mads (Trek-Segafredo) d. b.

3 - MERLIER Tim (Soudal Quick-Step) d. b.

4 - TRENTIN Matteo (UAE Team Emirates) d. b.

5 - KANTER Max (Movistar) d. b.

6 - COQUARD Bryan (Cofiis) d. b.

7- BENNETT Sam (BORA-hansgrohe) d. b.

8 - MARIT Arne (Intermarche) d. b.

9 - PAGE Hugo (Intermarche) d. b.

10- BOL Cees (Astana) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - POGACAR Tadej (UAE Team Emirates) 11:55:00

2 - GAUDU David (Groupama-FDJ) +0:06

3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo-Visma) +0:46

4 - YATES Simon (Jayco) +0:58

5 - MADER Gino (Bahrain-Victorious) +1:21

6 - BARDET Romain (DSM) +1:42

7 - MARTINEZ Daniel Felipe (INEOS) d. b.

8 - JORGENSON Matteo (Movistar) +1:44

9 - POWLESS Neilson (EF Education-EasyPost) +1:46

10-SOBRERO Matteo (Jayco) +1:56