Itxi

Txirrindularitza

Hirugarren etapa

Jumbo-Vismak irabazi du Paris-Nizako taldekako erlojupekoa, eta Magnus Cort Nielsen horiz jantzi da

EITB MEDIA

EF Education – EasyPost taldeak egin du bigarren denborarik onena, Jumbo-Vismak baino segundo bat gehiago, eta Jayco gelditu da hirugarren. Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma), hala, 23 segundo atera dizkio UAE Team Emirateseko Tadej Pogacarri.

  • Jumbo-Vismak segundo bateko aldea lortu du EF Education - EeasyPost taldearekiko. Argazkia: EFE.

    Jumbo-Vismak segundo bateko aldea lortu du EF Education - EeasyPost taldearekiko. Argazkia: EFE.

Jonas Vingegaarden Jumbo-Visma taldeak 2023ko Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi du asteartean. Etapa taldekako erlojupekoa izan da; 32,2 kilometro izan ditu, eta Dampierre-en-Burlytik irten eta bertan ere amaitu da. Magnus Cort Nielsen EF Education – EasyPost taldeko txirrindulari danimarkarra sailkapen nagusiko lehen postuan jarri da, eta maillot horia jantzi du; bere taldeak, hau da, EF Education – EeasyPostek, bigarren denborarik onena egin du erlojupekoan, eta Jayco hirugarren gelditu da.

Aurreikusita zegoen taldekako erlojupekoan hainbat alde esanguratsu izatea lasterketako faboritoen artean, eta aurreikuspen horiek bete egin dira; hain zuzen ere, sailkapen nagusian aldaketa handiak izan dira, gutxienez lehen postuetan. Magnus Cort Nielsen lider berriak segundo bateko aldea du Nathan Van Hooydonck Jumboko txirrindulari belgiarrarekiko, eta Michael Matthews Jayco taldeko australiarra dabil hirugarren postuan, maillot horiak baino hiru segundo gehiago dituela. Vingegaard bosgarren tokian dago, hiru segundora, Simon Yates seigarren dabil, zazpi segundora, eta Pogacar hamargarren postuan dago orain, 14 segundo galduta; Vingegaardek, hortaz, 11 segundoko aldea du Pogacarrekiko, erlojupekoan Jumbo-Visma UAE Team Emirates taldea baino 23 segundo azkarrago ibili baita.

Etapak ia amaierara arte izan du emozio handia. Jayco taldeak denbora bikaina egin du, 33:59, eta zenbait minututan behin-behineko sailkapeneko lehen postuan izan da; ibilbidearen erdian, 16. kilometroan, baina, Jumbo-Vismak denborarik onena egitea lortu du, eta ematen zuen Herbehereetako taldeak garaipena eskuan zuela.

Jumbori oraindik kilometro batzuk aurretik zituela, Tadej Pogacarren UAE Team Emirates taldea iritsi da helmugara. Txirrindulari esloveniarrak bakarrean egin du erlojupekoaren azken zatia; talde bakoitzeko denbora helmugaratzeko lehenak markatzen zuenez, Pogacarrek ahalegin handia egin du azken mila metroetan, taldekiderik gabe, bere taldeari ahalik eta denborarik onena ematea helburu. Azkenean, UAE Team Emiratesek 34:18 egin du.

Handik gutxira, Jumbo heldu da; Pogacarren taldea ez bezala, ia amaieraino izan da batuta. Jaycoren denbora hobetu egin du, lau segundogatik. Baina Vingegaarden taldearen garaipena arriskuan jarri du EF Education – EasyPost taldeak; Ameriketako Estatu Batuetako taldeak Jumbok baino segundo bat gehiago behar izan du ibilbidea burutzeko, eta, ondorioz, ez du etapa irabazi, baina, aldiz, sailkapen nagusiko lehen postuan txirrindulari bat jarri du.

Euskal txirrindulariei dagokienez, Movistarreko Gorka Izagirre 38. postuan dago, 57 segundora, eta INEOSeko Omar Fraile 39.ean, 58 segundo galduta. Ion Izagirre Cofidiseko txirrindularia 42. dabil, 1:08ra, eta Movistarreko Imanol Erviti, 2:55 galduta, 93. tokian dabil.

Asteazkenean, Paris-Nizako laugarren etapa jokatuko dute. Saint-Amand-Montronden hasiko da, eta, 165 kilometro eginda, Loge Des Gardesen amaitu. Lehen mailako mendatea da hori; 6,7 kilometro ditu, eta batezbeste, % 7,1 aldapak daude bertan.

HRUGARREN ETAPAKO SAILKAPENA

1 - Jumbo - Visma 33:55

2 - EF Education - EasyPost +1

3 - Team Jayco AIUIa +4

4 - Groupama - FDJ +14

5 - UAE Team Emirates +23

6 - Bora - Hansgrohe +25

7 - Soudal Quick-Step +39

8 - Trek - Segafredo +45

9 - Bahrain Victorious +47

10-INEOS Grenadiers +48

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - CORT NIELSEN Magnus (EF Education) 7:53:41

2 - VAN HOOYDONCK Nathan (Jumbo) +1

3 - MATTHEWS Michael (Jayco) +3

4 - TRATNIK Jan (Jumbo) d. b.

5 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d. b.

6 - YATES Simon (Jayco) +7

7 - POWLESS Nelison (EF Education) +8

8 - FOSS Tobias (Jumbo) d. b.

9 - O'BRIEN Kelland (Jayco) +11

10-POGACAR Tadej (UAE Team Emirates) +14