Itxi

Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadi

Samuel Sanchezek hobera egin du eta Tourrean egongo da

Erredakzioa

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariari egin dizkioten azterketek eboluzio ona baieztatu dute, eta asteazkenean entrenamenduetara itzuliko da.

  • Samuel Sánchez tras la caída en la Dauphiné Liberé.

    Samuel Sánchez tras la caída en la Dauphiné Liberé.

Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindularia onera egiten ari da, astelehenean Dauphiné Libéréko lehenengo etapan erorketa izan ondoren. Asturiarrak lasterketan jarraitu zuen, erorketan min handia hartu arren. Atzoko analisien ostean, medikuek saihets-hezur batean eta bizkarrean kolpeak dituela zehaztu dute. Euskaltel-Euskadi taldearen arabera, bihar bertan itzuliko da errepidera, baina zauriak sendatzeko denbora gehiago beharko du.

Radio Euskadiko "Fuera de Juego" saioari emandako elkarrizketan, istripua nola gertatu zen azaldu du: "Bat-batean balaztatu behar izan genuen, baina ez nuen behar bezala gelditzeko denborarik izan. Pierrick Fedrigo (FDJ) atzetik etorri zitzaidan, eta, bizikletaren inertziagatik, heldulekuarekin kolpea eman zidan bizkarrean. Horrek egin zidan minik handiena". Zorionez, hasieran egindako probek baztertu egin zuten pitzaduraren bat izatea, eta atzoko analisiek erabat baztertu dute aukera hori. Min handia bazeukan ere, asturiarrak lasterketan jarraitu zuen: "Erorketa izan zen egunean sufritu nuen gehien. Asko kostatu zitzaidan helmugara heltzea". Gau horretan lasai egin ahal izan zuen lo, eta bukatu egin zuen Dauphiné.

Frantziako Tourra prestatzeari begira, asturiarrak "oso denbora gutxi" galdu duela esan du. "Pare bat egunez atsedenaldia hartu behar dut, baina lehenbailehen bizikletara igo nahiko nuke, Tourra Sierra Nevadan prestatzeko helburuarekin", gehitu du. Nahiz eta ezin izan duen Dauphiné Libérén mailarik eman, Euskaltel-Euskadiko liderrak erorketa horri alde onak ikusi dizkio: "Buruz indartuta atera naiz. Neure burua hobetu dut. Buruz gogortu egin naiz, eta hori txirrindulari batentzat balio handikoa da; batez ere, Tourraren mailako lasterketa bat abiatu baino lehen".

Halaber, Samuel Sanchezek Frantzian egongo diren faboritoen zerrenda errepasatu du. Bradley Wigginsen (Sky) aurtengo maila ikusita ere (Paris-Niza, Romandiako Itzulia eta Dauphiné Libéré irabazi ditu), asturiarrak Cadel Evans (BMC) txirrindulariaren eskarmentua nabarmendu du, baina Andy Schleckek (Radioshack-Nissan) Frantziako Tourrean bere ohiko maila erakustea espero duela gaineratu du.