Txirrindularitza
MUNDUKO TXAPELKETA
Suitzak bereganatu du urrea txandakako erlojupeko mistoan, Italiaren eta Australiaren aurretik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako selekzioak hamargarren postuan bukatu du, Lourdes Oyarbide, Idoia Eraso eta Oier Lazkano euskal ordezkariak tartean zirela.
-
Txandakako erlojupeko mistoetako probako podiuma. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia
Australiako Wollongong hirian jokatzen ari diren Errepideko Munduko Txirrindularitza Txapelketan txandakako erlojupeko mistoetako proba lehiatu da asteazken honetan, eta bertan Suitzako selekzioa nagusitu da, Stefan Kung eta Marlen Reusser txirrindulariak buru zituela. Izan ere, aipatu txirrindulariek zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzten igandean, gizonezkoen eta emakumezkoen banakako erlojupekoetan, hurrenez hurren.
Faboritoen artean zegoen Herbehereetako selekzioak, binaka egin behar izan du lasterketa, eta ez hiruko multzoka. Izan ere, gizonezkoetan, Bauke Mollemak matxura bat izan du ibilbidea hasi eta gutxira, eta, emakumezkoetan, Annemiek van Vleuten erori egin da bere jarduna hasi eta metro batzuetara, bizikletako aurreko gurpilak "eztanda" egin ostean, txirrindulariak berak adierazi duenez . Ezbehar horrek zalantzan jartzen du Movistarreko txirrindulariaren egoera fisikoa larunbateko errepideko probari begira.
Gizonezkoen sektorean lortutako abantailari esker gailendu zaio Suitza Italiari, tarte horretan 10 segundo aurretik amaitu baitute. Italiako emakumezkoek gora egin dute bigarren zatian, baina suitzarrek, Reusser izan ez arren azken zatian, eutsi egin diote, eta 33 minutu 47 segundoko denborarekin bete dute 28,2 kilometroko ibilbidea, italiarrek baino 3 segundo azkarrago.
Brontzea Australiarentzat izan zen. Etxeko taldeak herbeheretarren zorigaitza eta Danimarkak eta Frantziak bigarren zatian egindako lan eskasa baliatu du, Alemania 8 segundogatik gainditzeko (Australia: 34:25; Alemania: 34:33), proba osoan zehar izan duten lehia parekatuan.
Lourdes Oyarbide, Idoia Eraso, Sandra Alonso, Oier Lazkano, Raúl García Pierna eta Iván Romeok osatutako Espainiako selekzioa, bere aldetik, hamargarren izan da, garaileengandik 2:43.99ra, Poloniaren atzetik eta Austriaren aurretik (guztira 16 selekzio izan dira lehian).
Suitzako selekzioak honako txirrindulari hauekin jardun du: Stefan Kung, Stefan Bissegger, Mauro Schmid, Marlen Reusser, Elise Chabbey eta Nicole Koller.
Zilarra eskuratu duen Italiako ordezkariak Filippo Ganna, Edoardo Affini, Matteo Sobrero, Elisa Longo Borghini, Elena Cecchini eta Vittoria Guazzini izan dira.
Azkenik, brontzezko domina irabazi duen Australia Michael Matthews, Lucas Plapp, Luke Durbridge, Geogia Baker, Alexandra Manly eta Sarah Royrekin aritu da.
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 - Suitza 33:47
2 - Italia 33:50 (+0:03)
3 - Australia 34:25 (+0:38)
4 - Alemania 34:33 (+0:46)
5 - Herbehereak 34:39 (+0:52)
6 - Danimarka 34:45 (+0:58)
7 - Frantzia 34:45 (+0:58)
8 - Belgika 35:36 (+1:49)
9 - Polonia 35:38 (+1:51)
10 - Espainia 36:31 (+2:44)
11 - Austria 37:17 (+3:30)
12 - Ukraina 38:38 (+4:51)
13 - WCC Team 38:46 (+4:59)
14 - Tahiti 40:50 (+7:03)
15 - Kaledonia 42:08 (+8:21)
16 - Samoa 51:45 (+17:58)