Itxi

Txirrindularitza

GARAIPENA ERREPIKATU DU

Van Vleutenek irabazi du Vuelta, urteko bere hirugarren handia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Utrechteko txirrindulariak bigarren Vuelta du jarraian. Elisa Longo bigarren izan da 1:44ra, Demi Vollering, berriz, hirugarren, irabazlearengandik 2:11ra.

  • Annemiek Van Vleuten

    Annemiek Van Vleuten. Argazkia: Unipublic / Lino Escuris

Annemiek Van Vleuten (Movistar) txirrindulari herbeheretarrak bigarren garaipena jarraian lortu du Ceratizit Challenge by La Vuelta proban, eta 39 urterekin, hiru handiak irabazi ditu aurten: Tourra, Giroa eta Vuelta.

Emakumezkoen Vueltaren zortzigarren edizioko azken etapan Elisa Balsamo italiarrak (Trek Segafredo) irabazi du, esprintean Lotte Kopecky belgikarra mendean hartuta (95,6 km, Madrilen hasi eta amaitu), hiriburuaren erdialdea zeharkatzen zuen zirkuitu batean, gizonezkoen Itzuliaren amaierarekin bat eginez.

Sailkapen nagusia, istripurik ezean, Van Vleutenen alde zegoen. Utrechteko txirrindularia, Tokio 2020ko erlojupeko txapeldun olinpikoa, ia bi minutuko abantailarekin abiatu da igande honetan (1:51) Elisa Longo italiarrarekiko (Trek Segafredo) eta 2:18rekin Demi Vollering herbeheretarrarekiko (SD Worx).

Azken etapak, aurtengo lasterketako laburrenak, profil ia laua zuen, igoera garrantzitsurik gabe.

Sandra Alonso espainiarrak 5. kilometroan egin du jauzi eta Sara Poidevin kanadarra eraman du berarekin ihesaldian. Ondoren, Nina Buijsman eta Carljin Achtereekte nederlandarrak batu zaizkie. Haietako bat ere ez zen arriskutsua sailkapen nagusian.

Worx taldeak tropeletik tira egin du ihesaldia bertan behera uzteko, helmugatik 9 kilometrora harrapatu dituzte. Balsamo indartsuena izan da berriro esprintean eta aurtengo bederatzigarren garaipen profesionala lortu du.

5. ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - BALSAMO Elisa (Trek – Segafredo) 2:21:37

2 - KOPECKY Lotte (SD Worx) d.b.

3 - BASTIANELLI Marta (UAE) d.b.

4 - JASTRAB Megan (DSM) d.b.

5 - BERTIZZOLO Sofia (UAE) d.b.

6 - CONFALONIERI Maria Giulia (Ceratizit) d.b.

7 - NEUMANOVA Tereza (Liv Racing) d.b.

8 - MANLY Alexandra (BikeExchange) d.b.

9 - LETH Julie (Uno-X) d.b.

10 - GUAZZINI Vittoria (FDJ) d.b.

 

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - VAN VLEUTEN Annemiek (Movistar) 12:21:46

2 - LONGO BORGHINI Elisa (Trek – Segafredo) +1:44

3 - VOLLERING Demi (SD Worx) +2:11

4 - LIPPERT Liane (DSM) +2:34

5 - LUDWIG Cecilie Uttrup (FDJ) +2:43

6 - SANTESTEBAN Ane (BikeExchange) +3:03

7 - SHACKLEY Anna (SD Worx) +3:07

8 - CHABBEY Elise (Canyon) +3:29

9 - LABOUS Juliette (DSM) +3:35

10 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) +3:38