Itxi

Txirrindularitza

15 DENBORALDI PROFESIONALETAN

Denboraldi amaieran erretiroa hartuko duela iragarri du Mikel Nievek

A. A. | EITB MEDIA

Caja Ruralgo txirrindulari nafarrak 15 urte eman ditu goi-mailan, eta sasoi bukaeran profesionalki lehiatzeari utziko dio.

  • Mikel Nieve, 2018ko Giroan lortutako garaipena ospatzen.

    Mikel Nieve, 2018ko Giroan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Mikel Nieve (Leitza, 1994) txirrindulari nafarrak denboraldi amaieran profesionalki lehiatzeari utziko diola iragarri du astearte honetan, sare sozialetan zabaldu duen idatzi baten bidez.

Caja Rural taldeko kideak azaldu duenez, profesionaletan 15 urte bete eta "lasterketarik onenetan" ibili ondoren, "urte honen amaieran txirrindularitza profesionalari agur esateko ordua iritsi da".

Bere agur mezuan, Nievek eskerrak eman nahi izan dizkie urte guzti horietan bidelagun izan dituenak "familia, lagun, taldekide, taldeetako staff, zale zein antolatzaile", baina oroitzapen berezia izan du bere gertukoenentzat: "batez ere eskerrak eman nahi dizkiet dena eman didaten dena eman didaten amari eta hainbeste faltan botatzen dudan aitari. Baita beti nire alboan dagoen anaiari eta nire seme Daneli ere".

Leitzarrak 2008an ekin zion profesional gisa lehiatzeari Orbea taldean. Handik Euskaltel Euskadira eman zuen jauzi hurrengo urtean, bertan 5 denboraldi emateko. Ondoren, Team Sky, Mitchelton Scott eta BikeExchange (talde bera, baina babeslea aldatuta) ezagutu zituen, eta, azkenerako, Caja Rural etxeko taldean hartuko du erretiroa.

Txirrindulari nafarrak bost etapa garaipen lortu ditu profesionaletan, denak sona handikoak: hiru Italiako Giroan (2011, 2016 eta 2018), bat Espainiako Itzulian (2010) eta beste bat Dauphine Kriteriumean (2014). Horrez gain, Giroko eskalatzaile onenaren saria bereganatu zuen 2016an. Dena dela, lortutako garaipenengatik baino, bere taldeetan izandako taldeburuen alde egindako lan eskergatik izan da estimatua beste guztiaren gainetik.

Mikel Nieveren ibilbideko taldeak:

Orbea-Oreka SDA (2008)

Euskaltel-Euskadi (2009-2013)

Team Sky (2014-2017)

Mitchelton Scott / BikeExchange (2018-2021)

Mitchelton-Scott (2018-2020)

Team BikeExchange (2021)

Caja Rural-Seguros RGA (2022)