Txirrindularitza
ABUZTUAK 19 IRAILAK 11
Mikel Landa izango da Bahrain-Victorious taldearen liderra Espainiako Itzulian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Murgiako txirrindulariaren seigarren parte-hartzea izango da Vueltan, eta denboraldi honetan Italiako Giroa hirugarren postuan amaituta helduko dio lasterketari.
-
Mikel Landa. Argazkia: EITBren bidoe batetik hartutako irudia
Mikel Landa arabarra izango da Bahrain-Victorious taldeburua abuztuaren 19an Utrechten (Herbehereak) hasiko den Espainiako Itzulian, Gino Mäder suitzarrak edo Santiago Buitrago kolonbiarrak babestuta.
"Bahrain-Victorious talde indartsu batekin doa Vueltako irteera handira, eta itxaropen handiak ditu sailkapen nagusirako zein etapa garaipenetarako", adierazi du taldeak ohar batean.
Landak bere seigarren Espainiako Itzuliari ekingo dio, eta orain arte egindako jardunik onena gainditzeko borrokatuko da (2015ean etapa bat irabazi eta 25. egin zuen sailkapen nagusian).
Aurtengo Italiako Giroan hirugarren postua eskuratu duen Murgiako txirrindulariak Bahraingo lider izaten jarraituko du, Gino Mäder suitzarrarekin batera. Izan ere, Mäderrek gazteen sailkapena eta sailkapen nagusiko bosgarren tokia lortu zituen iazko Espainiako Itzulian.
Franco Pellizotti kirol zuzendariaren ustez, 2021eko ekitaldian etapa garaipen bat, maillot zuria eta taldekako sailkapena irabazi ondoren, bere taldeak ondo aritzeko aukera dauka berriro.
"Sailkapen nagusirako Mikel daukagu. Ikusiko dugu nola dagoen. Gino Mäder izango dugu taldeko bigarren liderra. Talde sendoa dugu ibilbide guztietarako", adierazi du.
Gainera, Pellizotti ziur dago mendiko etapetan ere lehiakor azalduko direla, sailkapen nagusirako lan eginez edo Santiago Buitrago edo Fred Wright kolonbiarrarekin garaipen partzialak bilatuz.
Hala, honako hau da Bahrain-Victoriousek Vueltara eramango duen zortzkotea: Mikel Landa, Santiago Buitrago, Gino Mäder, Wout Poels, Luis Leon Sanchez, Jasha Sütterlin, Fred Wright eta Edoardo Zambanini.