Txirrindularitza
Istripua
Ibai Azurmendik lepauztaia hautsi du entrenatzen ari zela istripua izan ostean
Agencias | EITB Media
Euskaltel-Euskadiko txirrindularia orkatz batekin jo da Uitzi mendateko jaitsieran eta ospitalera eraman behar izan dute.
-
Ibai Azurmendi Euskal-Euskadiko txirrindularia 2022ko Itzuliko 2. etapan. Argazkia: EITB Media
Ibai Azurmendi (Euskaltel-Euskadi) txirrindulariak istripua izan du astearte honetan (maiatzak 31). Entrenatzen ari zenean orkatz baten kontra talka egin du eta lurrera joan da. Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera eraman dute. Lepauztaia hautsita du, eta kolpatuta du gorputz guztia.
Istripua 12:30ean izan da NA-1700 errepidean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Pertsona batek topatu du Azurmendi lurrean botata eta larrialdi zerbitzuei dei egin die.
"Txirrindulariak kolpe gogorra hartu du orkatz batekin talka egin ostean. Sustoa galanta izan da", adierazi du Euskaltel-Euskadi taldeak.