Txirrindularitza
Kataluniako Volta
Sonny Colbrelli txirrindularia Italian da Gironako ospitalea utzi ostean
Agentziak | EITB Media
Italiarrak bihotz-biriketako geldialdia izan zuen Kataluniako Voltako lehen etaparen amaieran. Larunbatean medikuaren alta jaso zuen Gironan.
-
Colbrelli ospitalera eraman behar izan zuten bihotzeko masajea jaso ostean. Argazkia: EFE
Sonny Colbrelli (Bahrain Victorious) txirrindulari italiarra bere herrialdean da jada, larunbatean Gironako Unibertsitate Ospitaleko senda-agiria jaso ondoren. Bertan egon zen ingresatuta Kataluniako Voltako lehen etaparen amaieran bihotz-biriketako geldialdia izan ondoren.
"Sonny Colbrelli Italiara itzuli zen atzo Gironako Unibertsitate Ospitalea atzean utzita. Baldintza kliniko egonkorrak direla eta, Sonny Colbrellik Italiara bidaiatzeko baimena jaso zuen", jakinarazi du Bahrain Victoriousek.
Martxoaren 21ean, italiarra gaizki sentitzen hasi zen Voltako lehen etapan helmuga bigarren postuan igaro eta 100 metrora; konortea galdu zuen, konbultsioekin, eta bihotz-arritmia ezegonkorra izan zuen, bihotzeko masajea behar izan zuena.
Txirrindulari transalpinoa bronkitis gogor batekin iritsi zen Voltara.
Italian, bere taldeak adierazi du azterketa gehiago egingo dizkiotela datozen egunetan erreferentziazko zentro italiar batean, gaixotasun kardiobaskularren diagnostikorako eta terapiarako. "Ordura arte, Team Bahrain Victorious taldeko guztiek susperraldi azkar bat opa diote Sonnyri, bere familiaren maitasunaz inguratuta", gehitu dute taldekideek.