Itxi

Txirrindularitza

KATALUNIAKO VOLTA

Ben O'Connorrek irabazi du Voltako hirugarren etapa eta lider berria da

EITB MEDIA

Australiarra nagusitu da Molinan amaitu den etapan eta liderraren elastikoa jantzi du. Ayuso izan da bigarren eta Quintana hirugarren.

  • Ben O'Connor, helmugara iritsi berri. Argazkia: EFE

    Ben O'Connor, helmugara iritsi berri. Argazkia: EFE

Ben O 'Connorrek (AG2R) irabazi du Kataluniako Voltako mendiko lehen etapa. 4 ordu, 12 minutu eta 51 segundo behar izan ditu 161,1 kilometroko ibilbidea betetzeko. Sei segundo beranduago heldu dira Juan Ayuso kataluniarra (UAE Team Emirates) eta Nairo Quintana kolonbiarra (Team Arkea), bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren.

Australiarraren atzetik, 40 txirrindulariz osatutako taldea iritsi da; horien artean zeuden Alejandro Valverde (Movistar), Richard Carapaz (INEOS) eta Esteban Chaves (EF Education-Easy Post) faboritoak. Egungo liderrak 10 segundo ateratzen dizkio sailkapen nagusian Ayusori, 12 Quintanari eta 16 Higuitari.

Jardunaldiko ihesaldiko protagonistak Ander Okamika (Burgos-BH) eta Mikel Bizkarra (Euskaltel Euskadi) euskaldunak, Casper Pedersen daniarra (Team DSM) eta Simone Petilli italiarra (Wanty) izan dira. Zortzi minututik gorako aldea lortu dute.

Hala ere, Oier Lazkano gasteiztarrak (Movistar) tropelean egindako lanari esker, lehen mailako Mont-Louis mendatearen tontorrean 5 minutu eta 5 segundora murriztu du aldea. Igoera horrek eragina izan du tropelean. Tom Dumoulinek (Jumbo-Visma) lasterketa utzi du; herbeheretarra ez zela ondo sentitzen jakinarazi du bere taldeak.

Ihesaldiko lau txirrindulariak helmugatik 31,7 kilometrora dagoen mendatea gainditu dute, 2 minutu eta 10 segundoko aldearekin; tropel handian hainbat talde jarri dira lanean eta ihesaldikoen abantaila murriztu dute jaitsieran. Horrela, batez besteko % 15eko desnibela duen Molinako igoera erabakigarria izan da.

Hirugarren etapako sailkapena:

1 - O'CONNOR Ben (AG2R Citroën Team) 4:12:51

2 - AYUSO Juan (UAE Team Emirates) + 6"

3 - QUINTANA Nairo (Team Arkéa Samsic) m.t.

4 - HIGUITA Sergio (BORA - hansgrohe) m.t.

5 - ALMEIDA João (UAE Team Emirates) m.t.

6 - POELS Wout (Bahrain - Victorious) m.t.

7 - CICCONE Giulio (Trek - Segafredo) m.t.

8 - JOHANNESSEN Tobias Halland (Uno-X Pro Cycling Team) m.t.

9 - MARTIN Guillaume (Cofidis) m.t.

10 -HOWSON Damien (Team BikeExchange - Jayco) + 9"

 

Sailkapen nagusia:

1 - O'CONNOR Ben (AG2R Citroën Team) 12:44:20

2 - AYUSO Juan (UAE Team Emirates) + 10"

3 - QUINTANA Nairo (Team Arkéa Samsic) + 12"

4 - HIGUITA Sergio (BORA - hansgrohe) + 16"

5 - CICCONE Giulio (Trek - Segafredo) m.t.

6 - JOHANNESSEN Tobias (Halland Uno-X Pro Cycling Team) m.t.

7 - POELS Wout (Bahrain - Victorious) m.t.

8 - MARTIN Guillaume (Cofidis) m.t.

9 - ALMEIDA João (UAE Team Emirates) m.t.

10 - KRUIJSWIJK Steven (Jumbo-Visma) + 19 "