Txirrindularitza
103. edizioa
Pogacar, Roglic, Van Aert eta Pidcock Milan-San Remo klasikoan arituko dira
EITB Media
"Classicissima" izenaz ezagutzen den lasterketa martxoaren 19an, larunbatean, jokatuko da. Prbaren 103. edizioak 293 kilometroko ibilbidea izango du, eta parte-hartzea luxuzkoa izango da.
-
Pogacar eta Roglic, Milan-San Remo irabazteko faboritoetako bi. Argazkia: EITB Media
Milan-San Remo klasikoa martxoaren 19an, larunbatean, jokatuko da, eta 293 kilometroko ibilbidea izango du. "Classicissima" izenaz ezaguna den lasterketaren 103. edizioak luxuzko parte-hartzea izango du.
Tadej Pogacar eta Primoz Roglic, Tirreno-Adriatico eta Paris-Niza lasterketen irabazleak hurrenez hurren, Vigorelli Belodromoko irteeran egongo dira, baita Wout van Aert belgikarra eta Thomas Pidcock ziklo-kroseko munduko txapelduna eta Olinpiar Jokoetako BTTko urrezko dominaren jabea ere. Garaipena lortzeko faborito nagusien artean daude laurak. Iaz, Jasper Stuyvenek irabazi zuen Italiako proba klasikoa.
Milango Vigorelli belodromoan abiatu eta San Remoko Erroma Bideraino, txirrindulariek 293 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Ibilbide tradizionalaren alde egin dute antolatzaileek aurten. Turchino eta Riviera Ligure izango ditu protagonista urteko egun bakarreko lasterketa luzeenak.
Ibilbideko 241. kilometroan, Capo Mele igo beharko dute; 246. kilometroan, Capo Cervo, eta 254. kilometroan, Capo Berta.
Igoera erabakigarriak izango dira Cipressa eta Poggio. Cipressa ibilbideko 271. kilometroan aurkituko dute, 5,6 kilometroko igoera da, eta batez beste % 4,1eko maldak ditu. Poggio helmugarako 10 kilometro falta direnean igoko dute; 3,7 kilometroko igoera da, eta batez beste % 3,7ko maldak ditu. Ohikoa da Poggioko igoeran mugimenduak egotea, San Remoko Erroma Bidera postu onean heltzeko.
Milan-San Remo lasterketaren profila. Argazkia: Milan-San Remo