Itxi

Txirrindularitza

SEIGARREN ETAPA

Burgaudeauk etaparik gabe utzi ditu Paris-Nizako esprinterrak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

TotalEnergies taldeko frantziar gazteak ozta-ozta zeharkatu du helmuga Mads Pedersen eta Wout Van Aerten aurretik.

  • Mathieu Burgaudeau garaipena ospatzen.

    Mathieu Burgaudeau garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Mathieu Burgaudeau TotalEnergies taldeko txirrindulari frantziarrak irabazi du Paris-Nizako seigarren etapa, Courthézon eta Aubagne artean jokatu dena (213,6 kilometro). Ezusteko erasoa jo du 10 kilometroren faltan, eta tartea zabaldu ostean, garaipenaren aukerarik gabe utzi ditu lasterketako esprinterrak. Sailkapen nagusiari dagokionez, Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) lider jarraitzen du.

Burgaudeauk (23 urte) profesionaletan betetzen duen laugarren denboraldian estreinatu du bere palmaresa, izugarri landutako garaipearekin, tropelaren aurka buruz buruko lehia gogoangarria izan ostean.

Frantziarra hortzak estutu ditu helmuga lehen postuan zeharkatzeko, eta behin etapako loria bereganatuta, lurrean etzanda bukatu du, erabat akituta. Hala, Burgaudeauk denboraldiko laugarren garaipena eman dio bere taldeari. Irabazlearen ostean sartu dira Mads Pedersen (Trek-Segafredo) eta Wout Van Aerti (Jumbo-Visma), bigarren eta hirugarren tokian.

Erasoz eta ihesaldiz betetako etapa izan da, tropelak bertan behera utzi dituenak. Aitzitik, helmugarako 10 bat kilometro falta zirenean, Burgaudeau gazteak jauzi egin du korrontearen kontra, eta tropelak tartea itxi nahi izan duenerako, beranduegi izan da.

Larunbat honetan, zazpigarren eta azken-aurreko etapa Turini mendatean (La Bollène-Vésubie) amaituko da. Igoera luzeari egin beharko diote aurre txirrindulariek (15,2 kilometro), baita ehuneko 7,2ko batez besteko aldapei ere.

Primoz Roglic liderrak bere elastikoa defendatu beharko du. Haren atzetik daude Simon Yates (BikeExchange-Jayco) 39 segundora edota Pierre Latour (TotalEnergies), 41era.

 SEIGARREN ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - BURGAUDEAU Mathieu (TotalEnergies) 5:33:06

2 - PEDERSEN Mads (Trek - Segafredo) d.b.

3 - VAN AERT Wout (Jumbo) d.b.

4 - GIRMAY HAILU Biniam (Intermarché) d.b.

5 - COQUARD Bryan (Cofidis) d.b.

6 - MEZGEC Luka (BikeExchange) d.b.

7 - GARCÍA CORTINA Iván (Movistar) d.b.

8 - GODON Dorian (AG2R) d.b.

9 - SÉNÉCHAL Florian (Quick-Step) d.b.

10 - MOZZATO Luca (B&B Hotels) d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - ROGLIC Primož (Jumbo-Visma 22:23:34

2 - YATES Simon (BikeExchange) +0:39

3 - LATOUR Pierre (TotalEnergies) +0:41

4 - MARTÍNEZ Daniel Felipe (INEOS) +0:56

5 - VLASOV Aleksandr (BORA) +0:59

6 - YATES Adam (INEOS) +1:11

7 - KRAGH ANDERSEN Søren (Team DSM) +1:26

8 - HAIG Jack (Bahrain) +1:35

9 - QUINTANA Nairo (Team Arkéa) +1:45

10 - IZAGIRRE Ion (Cofidis) +2:01