Itxi

Txirrindularitza

Aste honetan

Euskaltel-Euskadik Valentziako Itzulia jokatuko du

EITB Media

23 talde izango dira tropelean, horietako 15 WorldTour mailakoak.

  • Aurkezpen eguneko argazkia

    Aurkezpen eguneko argazkia

Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak Valentziako Itzulia jokatuko du asteazkenetik igandera, otsailaren 2tik 6ra.

23 talde izango dira tropelean, horietako 15 WorldTour mailakoak, eta Mallorcan "ezin hobeto" lehiatu ostean, taldeak konfiantza du "ildo protagonista horri eusteko", arduradunek astearte honetan adierazi dutenez.

Horrela, Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Joan Bou, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Gotzon Martin eta Antonio Soto txirrindulariak izango dira asteazkenean Les Alquerieseko irteeran, Jorge Azanza kirol-zuzendariaren esanetara.

Sailkapen nagusia ostiraleko hirugarren etapak erabaki behar du, etapa menditsua baita eta amaiera maldan gora baitute txirrindulariek, 1.080 metrora. Lehen eguna ere zorrotza izango da eta lasterketa zehaztuko du. Bigarren jardunaldiak, berriz, ibilbide gorabeheratsua izango du, eta gizon azkarrek laugarren eta bosgarren etapetan izango dute aukera.

Jorge Azanzaren hitzetan, "multzo oso bat dugu eta txirrindulariak ondo iritsiko dira, Mallorcan erakutsi duten bezala. Maila handiko lasterketa da, eta WorldTour taldeekin beti da zailagoa emaitzak lortzea, baina beldurrik gabe aterako gara, beti bezala. Etapa guztiak borrokatu nahi ditugu, egunetik egunera, eta gure nortasunari heldu, hau da, azaldu burua lehia guztietan, edo, behintzat, saiatu".