Txirrindularitza
Abuztuaren 23tik 25era
2022ko Espainiako Itzulia Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik igaroko da
I. G. | EITB MEDIA
Laugarren etapa (abuztuak 23) Arabako errepideetatik igaroko da. Abuztuaren 24an Irundik Bilbora egingo du lasterketak, eta bertan izango dira bai egun horretako iritsiera, bai hurrengoaren irteera.
-
Espainiako Itzulia. Irudia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoak 2022ko Espainiako Itzuliaren hiru etapa hartuko ditu, probintzia bakoitzeko bat. Hala, euskal zaleek lehen mailako txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango dute bertatik bertara.
Joan zen astean dagoeneko jakin zen abuztuaren 22an lasterketak Forondan lur hartuko zuela, Herbehereetako lehendabiziko hiru etapak behin bukatuta. Biharamunean, abuztuaren 23an, Gasteiztik abiatuko dira txirrindulariak, eta Arabako errepideetatik barrena Guardiaraino iritsiko dira.
Hurrengo egunean, abuztuaren 24an, Irundik irtengo da lasterketa, eta, Gipuzkoatik zehar ibili ostean, Bilboraino iritsiko da, Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian, hain zuzen ere.
Azkenik, abuztuaren 25ean, Bilbo bera izango da seigarren etaparen abiapuntua. Lasterketak Kantabriarantz joko du egun horretan.
Bi ekitaldi horiek 2023ko udan biziko duenaren atariko gisa balioko diote Bilbori; izan ere, Frantziako Tourraren irteera handia hartu du.
Espainiako Itzuliak abenduaren 16an jakinaraziko du 77. edizioko ibilbide ofiziala.