Itxi

Txirrindularitza

2 urte

Unai Iribar, Euskaltel-Euskadiko lehen fitxaketa

EITB MEDIA

Euskal harrobian hazitakoa da eta Laboral Kutxatik ematen du urratsa.

  • Unai Iribar. Argazkia: Euskaltel-Euskadi

    Unai Iribar. Argazkia: Euskaltel-Euskadi

Euskaltel-Euskadi taldea hurrengo urteko lehendabiziko fitxaketa baieztatzen du gaur, Unai Iribar (1999, Ibarra, Gipuzkoa),

Aurten, sekulako maila eskaini du Iribarrek amateur tropelean eta izen nabarmena izan da zalantzarik gabe. Murgian, Legazpin, Duranan eta Oñatin irabazi zuen; bigarren sailkatu zen Gorlan, Lazkaon eta Kantabriako Itzulian; brontzea eskuratu zuen Espainiako Txapelketan eta 15. postua erdietsi zuen Italiako Giroan; horrenbestez, Abiatzen Txapelketan nagusitu zen. Iribar Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan aritu zen eskolatik junior mailara arte; Goierriko TB taldean eta Laboral Kutxan, berriz, lehiatu da 23 urteko azpikoetan.

Unai Iribarrek Euskadi Fundazioaren atarian pozik dagoela azaldu du, "oso ilusionatuta nago profesional mailara emango dudan jauzi honekin, gainera nire txikitako talde erreferentearekin, Euskaltelekin, hain zuzen ere. Oso eskertuta nago batez ere nire familiari eta lagunei, eta hona iritsi arte nire kirol heziketan parte hartu duten pertsona orori, hala nola, Oriako Txirrindularitza Eskolatik hasita, Goierriko TB taldeari eta azkenik Euskadi Fundazioari berari ere aukera hau emateagatik". Aurtengo denboraldian laranja jantzi zuen Limousingo Tourrean, "stagiare" moduan. Bestetik, gipuzkoarrak amaitzear du Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Gradua Mondragon Unibertsitatean.

Jorge Azanza kirol zuzendariak txirrindularia aztertu du ere: "Unaik egundoko denboraldia egin du aurten amateur mailan, baina egia esan beti azaldu ditu dohainak eta aurrerapausoak eman ditu urtero. Aurten, hamarreko sasoia egin du. Sendotasun horrek lagunduko dio profesionaletan. Etorkizuneko txirrindularia da; izan ere, errematatzalea da-eta. Beraz, oso pozik gara taldean eta espero dugu hainbat urte ematea gurekin batera".

Hurrengo egunetan, Euskaltel-Euskadi taldeak baieztapen gehiago jakinaraziko ditu hurrengo urteari begira. Sei txirrindularik sinatuta dute jada hurrengo urtea: Xabier Mikel Azparren, Mikel Bizkarra, Julen Irizar, Mikel Iturria, Juanjo Lobato eta Luis Angel Mate taldekideek.