Txirrindularitza
TOKIO 2020
Kiesenhofer austriarra, olinpiar txapeldun, Van Vleuten eta Elisa Longoren aurretik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ane Santesteban errenteriarrak 28. postuan bukatu du proba, irabazlearengandik 3:19ra.
-
Van Vleuten, Kiesenhofer eta Longo. Argazkia: EFE
Anna Kiesenhofer austriar txirrindulariak irabazi du urrea Tokioko Jokoetako emakumezkoen errepideko lasterketa, Annemiek Van Vleuten herbeheretarraren (zilarra) eta Elisa Longo italiarraren (brontzea) aurretik.
Urrea jardunaldiko lehen ihesaldian eratu da, bost txirrindulariz osatutakoa, 19 minutuko aldea izatera iritsi dena. Ondoren, hiru kidera murriztu da: Kiesenhofer, Anna Plichta poloniarra eta Omer Shapira israeldarra, zeintzuek lasterketaren buruan batera iraun duten azken 50 kilometroetara arte.
Orduan egin du bere lehen ahalegina Van Vleuten herbeheretarrak, iheslariak harrapatzeko asmoz. Erraz antzera alde egin du tropeletik hirukotearen bila. Aitzitik, ordurako Kiesenhofer bakarka zebilen, bere bi kideak atzean utzita zituelako. Alabaina, 25 kilometro geroago amore eman behar izan du herbeheretarrak.
Horren aurrean, Herbehereetako selekzioa tropeletik tiratzeari ekin dio lau txirrindularirekin Kiesenhoferren eta domina baten bila eraso egin duen Juliette Labous frantziarraren bila.
Berandu izan da urrearentzat, Kiesenhoferrek nahikoa errenta baitzuen. Hala ere, zilarra lortzeko borrokan, Van Vleutenek bere bigarren ahalegina egin du, eta, haren atzetik, Elisa Longok egin du salto brontzearen bila. Baina garaipenak, jada, jabea zeukan: Anna Kiesenhofer, Fujiko zirkuituan kokatuta zegoen helmugara erio batean iritsi bada ere.
Van Vleuten alza los brazos creyendo que había ganado el oro. Foto: EFE
Podiumeko bigarren koska Van Vleutenentzat izan da, irabazlearengandik 1:15era. Herbeheretarra, baina, Kiesenhoferren garaipenaren berri izan gabe helmugaratu da, eta, beraz, besoak altxatu ditu, urrezko domina berarentzat zela pentsatuz.
"Ez, ez genekien aurretik beste txirrindulari bat zegoenik. (Anna) Plichta eta (Omer) Shapira harrapatu ditugunean, urrea lortzeko lehian ari ginela uste genuen", adierazi du Anna van der Breggen Van Vleutenen taldekideak, munduko txapeldun bikoitzak eta 2016ko Rioko Jokoetan urrea irabazi zuenak, La Flamme Rouge hedabide belgikarrak jaso duenez.
Olinpiar Jokoetako txirrindularitzako proban ez da onartzen gainerako txirrindularitza probetan ohikoak diren taldeko autoetako irratirik erabiltzerik. Txirrindulariek horien bidez jaso ohi dituzte lasterketaren egoerari buruzko aginduak eta informazioa, eta, litekeena da Van Vleutenek izan duen nahasmena horren eraginez izatea, benetan lortu duen zilarrezko domina baino zerbait gehiago ospatu baitu.
LASTERKETAKO SAILKAPENA:
1 - KIESENHOFER Anna (Austria) 3:52:45
2 - VAN VLEUTEN Annemiek (Herbehereak) +1:15
3 - LONGO BORGHINI Elisa (Italia) +1:29
4 - KOPECKY Lotte (Belgika) +1:39
5 - VOS Marianne (Herbehereak) +1:46
6 - BRENNAUER Lisa (Alemania) d.b.
7 - RIVERA Coryn (Ameriketako Estatu Batuak) d.b.
8 - CAVALLI Marta (Italia) d.b.
9 - ZABELINSKAYA Olga (Uzbekistan) d.b.
10 - LUDWIG Cecilie Uttrup (Danimarka) d.b.
11 - DEIGNAN Elizabeth (Britainia Handia) d.b.
12 - GARCÍA Mavi (Espainia) d.b.
28 - SANTESTEBAN Ane (Espainia) +3:19