Txirrindularitza
Alpeetako Tourra (2. etapa)
Simon Yatesek etapa garaipena eta lidergoa eskuratu ditu, erakustaldia emanda
A. B. | EITB Media
Britainiarrak irabazi du Alpeetako Tourreko 2. etapa Pavel Sivakovi 40 segundo eta Dan Martini 58 segundo aterata. Pello Bilbao eta Nairo Quintana irabazlearengandik 1'42ra helmugaratu dira.
-
Simon Yates, 2. etapako irabazlea. Argazkia: @Tourof_TheAlps
Simon Yatesek (BikeExchange) irabazi du Alpeetako Tourreko bigarren etapa, Innsbruck eta Feichten im Kaunertal artekoa (121,5 kilometro), eta britainiarra da lasterketako lider berria.
Erakustaldia eman du 28 urteko txirrindulariak. Erasoa jo du azken-aurreko mendatean, helmugarako 45 kilometro falta zirenean, eta atzean utzi ditu aurkari guztiak. Azken mendatean bikain ibili da, eta garaipen handia lortu du. Bigarren izan den Pavel Sivakovi (Ineos) 40 segundo atera dizkio eta 58 segundora helmugaratu dira Dan Martin (Israel Start Up), Alexander Vlasov (Astana) eta Jefferson Cepeda (Androni). Bestalde, Pello Bilbao eta Nairo Quintana irabazlea baino 1'42" geroago sartu dira helmugan.
Sailkapen nagusiko lehen postuan da Simon Yates, 40 segundo ateratzen dizkio bigarren den Sivakovi, eta Dan Martin da hirugarren, 1'02"ra. Hamargarren postuan da Pello Bilbao, liderrarengandik 1,42ra, Nairo Quintana bezala.