Itxi

Txirrindularitza

Raul Alarconen zigorragatik

Nairo Quintanari eman diote 2017ko Asturiasko Itzuliko garaipena

Agentziak| EITB Media

Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak lau urteko zigorra ezarri dio dopinagatik Raul Alarcon urte horretan Asturiasko Itzulia irabazi zuen txirrindulariari.

  • Nairo Quintana

    2017an Movistar taldean zegoen Nairo Quintanaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Nairo Quintana kolonbiarrari eman diote 2017ko Asturiasko Itzuliko garaipena, Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak lau urteko zigorra ezarri baitio urte horretan Asturiasen garaile izan zen Raul Alarconi. Portugalgo Itzuliko irabazlea ere izan zen Alarcon 2017an eta 2018an.

"Raul Alarcon 2017ko Asturiasko Itzuliko irabazlearen zigorra baieztatu denez, urte horretako garaipena Nairo Quintana (orduan Movistarren) kolonbiarrari dagokio" jakinarazi dute antolatzaileek.

W52-FC Porto taldeko Raul Alarconi lau urteko zigorra ezarri dio Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak "metodo eta/edo substantzia debekatuak erabiltzeagatik". Zigorra behin-behinekoa zen 2019ko urriaren 21etik, baina jada baieztatu egin da, eta Alarcon ezingo da lehiatu 2023 urriaren 20ra arte.

Ondorioz, Raul Alarconi 2017an Asturiasko Itzulian eta urte berean zein 2018an Portugalgo Itzulian lortutako garaipenak kendu egin dizkiote.