Txirrindularitza
Ostenden (Belgika)
Van der Poel, ziklo-kroseko munduko txapeldun laugarren aldiz
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bigarren eta hirugarren sailkatu diren Wout van Aert eta Toon Aerts belgikarren aurretik gailendu da.
Mathieu van der Poel herbeheretarrak ziklo-kroseko bere laugarren munduko titulua lortu du igande honetan (hirugarrena jarraian), Belgikako Ostende hirian, Wout van Aert eta Toon Aerts tokiko heroien aurretik.
Van der Poel, Anberesen (Belgika) jaiotako 26 urteko nederlandarra, Raymond Poulidorren biloba da, baita ziklo-kroseko munduko txapelduna izan zen Adrie van der Poelen semea ere.
Gaur, bere laugarren munduko txapela bereganatu du, Wout van Aert aurkari handiari (2016ko, 2017ko eta 2018ko munduko txapelduna) 37 segundoko aldea atera ostean. Atzerago helmugaratu da Toon Aerts, 1:24 minutura, hain zuzen ere.
Txirrindulariek zortzi buelta eman behar izan dizkiote Ostendeko zirkuitu gogor eta zailari, eta horietako bigarrenean erorikoa izan du Van der Poelek. Hala ere, bere sendotasuna erakutsi du ibilbideko hondartza gunean, eta nagusitasunez gailendu da.
Britainiar batek, Thomas Pidcockek, laugarren amaitzea lortu du, podiumetik 13 segundora, eta haren atzetik beste lau belgikar sailkatu dira.
Herbeheretarren nagusitasuna erabatekoa izan da Ostendeko Munduko Txapelketan, urrezko domina lortu baitute jokatu diren lau lasterketetan, eta jokoan jarritako 12 dominetatik zortzi erdietsi dituzte.