Itxi

Txirrindularitza

Herbeheretarren erakustaldia

Lucinda Brandek bereganatu du ziklo-kroseko Munduko Txapelketa, Ostenden

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Haren ostean Annemarie Worst eta Denise Betsema herrikideak sartu dira helmugan. Hiru dominez gain, Herbehereetako selekzioak sailkapeneko bosgarren eta seigarren postuak ere eskuratu ditu.

1:30
Lucinda Brand podiumean, Annemarie Worst eta Denise Betsema herrikideekin batera.

Lucinda Brand herbeheretarrak Ziklo-Kroseko Munduko Txapelketa irabazi du larunbat honetan, Ostenden (Belgika) jokatu den lasterketan, Annemarie Worst eta Denise Betsema herrikideen aurretik helmugaratu ondoren.

Brandek 8 segundoko aldea atera dio iaz ere bigarren egin zuen Worsti, eta 19 segundo Munduko Txapelketetan estreinako domina eskuratu duen Betsemari. Horrenbestez, Brandentzat laugarren domina da, txapeldunorde izan baitzen 2019an, eta hirugarren postuak erdietsi zituen 2018an zein 2020an. 

Proba gogorra izan da, haizeari, lokatzari, hondarrari eta % 20 baino gehiagoko aldapei egin behar izan baitiete aurre parte-hartzaileek. Brandek (31 urte) lortu du lasterketako azken zatira indartsuen heltzea, orduan gainditu baitu probako lehen partean gainerakoei aurre hartuta ibili den Betsema. Worstek ere ezin izan dio eutsi, ordura arte txapeldun berriaren gurpilean joan ostean.

Hiru dominez gain, Herbehereetako selekzioak bosgarren eta seigarren postuak ere bereganatu ditu Yara Kastelijnen eta Ceylin del Carmen Alvaradoren bidez. Clara Honsinger estatubatuarra soilik izan da gai herbeheretarren erabateko nagusitasuna nolabait hausten.