Itxi

Txirrindularitza

"Arrazoi pertsonalak"

Igor Gonzalez de Galdeanok Euskaltel Euskadi utziko du

Erredakzioa

Talde laranjaren egungo manager nagusiak kargua utziko duela jakinarazi dio Miguel Madariaga Euskadi Txirrindularitza Fundazioko presidenteari.

02:07
Gonzalez de Galdeano: 'Mentalki nekatuta nago'
Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeko egungo manager nagusiak kargua utziko duela jakinarazi dio Miguel Madariaga Euskadi Txirrindularitza Fundazioko presidenteari. Bere bizitza profesionalean erronka berriei aurre egin nahi diela argudiatu du Gonzalez de Galdeanok.

Jakinarazpen honen ondoren, eta Fundazioaren Patronatuak hartuko duen azken erabakiaren zain, Igor Gonzalez de Galdeano taldearen buru izango da 2011ko abenduaren 31ra arte.

Gonzalez de Galdeanok "arrazoi pertsonalak" argudiatu ditu bere bizitza profesionala beste norabide batzuetara bideratzeko erabakia. Euskadi Txirrindularitza Fundazioak denboraldia bukatu bitartean jakinaraziko du kirol organigrama profesionala, eta egungo egituran oinarrituko du, etxeko zuzendarien aldeko apustua indartuz.

"Euskadi Fundazioak duen Euskaltel Euskadi proiektuaren etorkizuneko apustua argia da, eta taldea nazioarteko txirrindularitzaren maila nagusian mantentzeko lanean jarraituko da", adierazi dute Fundaziotik.

Miguel Madariagak "kezka" azaldu du egungo manager nagusiaren irteerarekin, harreman estua baitute. Berarekin hizketaldia izan ondoren, Fundazioko presidenteak ziurtatu du erabakia ulertzen duela eta errespetatu egingo duela, "Patronatuaren bileraren zain".

"Igorri eskatu diodan bakarra denboraldia bukatu arte bere karguan jarraitzea izan da. Zergatiak eta arrazoiak Igorrenak dira, eta berak azaldu beharko du zerk eraman duen kargua uztera, egoki ikusten badu", adierazi du Madariagak.

Era berean, Gonzalez de Galdeanok esan du erabakiarekin ez duela agur esaten bere ibilbide profesionalari, baizik eta jarraipena eman nahi diola. "Erronka berriak behar ditut, eta horrek ekarri du nire erabakia", ziurtatu du.

"Miguelekin dudan harremana profesionaletik haratago doa, presidente eta manager arteko harremana baino gehiago da, eta beharbada horregatik ari zait kostatzen hainbeste erabaki hau hartzea. Profesionalki eta pertsona moduan prestatzeko sei urte paregabeak izan dira", adierazi du esker on modura.

Azkenik, Gonzalez de Galdeanok ziurtatu du bere ondoan lan egin duten zuzendariek gaitasuna dutela "proiektu honen kirol arloko buruak izateko". "Beren ibilbide eta balioa zalantzarik gabekoa da. Miguelek talde ona izaten jarraitzen du, eta noski, beti izango du nire babesa", esan du.