Txirrindularitza
Zuzenean (15:00)
Txirrindulari onenak, Burgosko Itzulia
Erredakzioa
Lasterketa gaur hasi eta abuztuaren 1ean, larunbatean, amaituko da. Etapa guztiak, zuzenean (15:00), ETB1n eitb.eus-en.
Gizonezkoen txirrindularitza profesionala bueltan da 2020ko Burgosko Itzuliarekin. Lasterketa gaur hasiko da eta abuztuaren 1ean, larunbatean, amaituko da. Etapa guztiak, zuzenean (15:00), ETB1n eta eitb.eus-en.
Lasterketak osasun arau zorrotzak izango ditu. UCIk eta Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak azaldu dutenez, etapa hasierak eta helmugak publikoarentzat itxita egongo dira.
Itzuliko lehenengo etapak Burgoseko katedralean izango du hasiera eta Alto del Castillo izango du helmuga. Aldapan gora amaitzen den etapa hau, eskalatzaileentzat aproposa izango da.
Bigarren egunean, aldiz, etapa lasaia eta laua izango dugu. Honek Castrojerezen izango du hasiera eta Villadiegon helmuga. Bertan, esprinterren arteko borroka izango dugu ikusgai.
Berriro ere, mendia izango dugu protagonista Burgoseko Itzuliaren hirugarren etapan. Izan ere, txirrindulariek Picon Blanco igo beharko dute, Sargentes de la Loran hasiera izango duen etapan.
Etapa menditsu horren ondoren, trantsizio etapa izango dugu, Gumiel de Izan eta Roa de Duero bitartean.
Itzuliaren garailea erabakiko duen etapak Covarrubiasen izango du hasiera, eta Lagunas de Neilasen amaiera. Maila Bereziko mendatean izango du amaiera.
Taldeei dagokienez, Ineos taldeak Richard Carapaz izango du lider moduan. Movistar, aldiz, Alejandro Valverde, Enric Mas eta Marc Soler hirukotearekin Itzulia irabazten saiatuko da.
Mads Pedersen munduko txapeldunak ere aurtengo edizioan parte hartuko du eta, beraz, ortzadar mailota ikusiko dugu Burgosko errepideetan.
Bahrain McClaren taldeak Marc Cavendish izango du esprinter lanetan eta Mikel Landa euskalduna, aldiz, eskalatzaile lanetan.
Txirrindulari guzti horiekin batera, denboraldiko sorpresarik handiena izan den Remco Evenepoel gaztea ere ikusiko dugu.