Txirrindularitza
Istripua
Nairo Quintana, onik Kolonbian entrenatzen ari zela auto batek harrapatu eta gero
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lurrera erori eta ezkerreko belaunean eta eskuineko izterrean hartu du kolpea, baina arriskutik kanpo dago, eta egin dizkioten proben emaitzen zain.
-
Nairo Quintana, Poliziarekin hitz egiten gertakariaren ostean. Argazkia: EFE
Auto batek Nairo Quintana (Arkea Samsic) txirrindulari kolonbiarra harrapatu du ostiral honetan, Dayer anaiarekin batera Motavitan (Kolonbia) entrenatzen ari zela, baina arriskutik kanpo dago.
"Auto batek Nairo harrapatu du gaur bere ohiko lan-saioa egiten zegoela. Ahalik eta lasterren emango dugu osasunari buruzko informazio gehiago ", idatzi du Twitter sare sozialean Team Arkéa Samsic bere taldeak.
Motavitako alkatetzak gertatutakoaren inguruko xehetasunak eman ditu sare sozial berean. "Nairo Quintana txirrindulariak istripua izan du. Gidari batek maniobra desegokia egin eta txirrindularia harrapatu du bere ohiko entrenamendua egiten ari zen bitartean ", adierazi du Udalak.
#AEstaHora¿|| El ciclista Boyacense @NairoQuinCo sufre un accidente en la vía nacional sector vereda Salvial de #Motavita, un conductor realiza maniobra indebida y lo colisiona mientras realiza su tradicional entrenamiento. La alcaldesa Mery Mozo acude para atender la emergencia pic.twitter.com/Gh6GH2RJ81
— Alcaldía Motavita (@AlcaMotavita) July 3, 2020
Quintanak (30 urte) bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean istripuaren nondik norakoak azaldu ditu. Itxura denez, Quintanaren atzetik bere entrenamenduan laguntzen dion autoa zihoan, eta bigarren auto batek hura aurreratu nahi izan duenean gertatu da ezbeharra.
"Atzetik etorri da, eta ez dit hura ikusteko denborarik eman. Urradura txiki bat daukat, eta kolpeak eskuineko belaunean eta ezkerreko izterrean, azken horrekin jo bainau harrapatu nauen autoaren atzerako ispiluak", adierazi du Quintanak.
Hola amigos gracias a todos por sus mensajes de aliento y apoyo. Me encuentro bien,estamos realizando todos los exámenes pertinentes. pic.twitter.com/d5ayDmzd8F
— NairoQuinCo (@NairoQuinCo) July 3, 2020
Kolonbiarrak zaleen babesa eskertu du, eta egin dizkioten proben emaitzen zain dagoela esan du, hurrengo lehiaketetako prestakuntzan eta parte-hartzean eragina izan dezakeen "edozein lesio" baztertzeko.
Quintanak Italiako Giroa irabazi zuen 2014an eta Espainiako Itzulia 2016an, eta bere taldeak orain dela gutxi baieztatu zuen abuztuaren 29an Nizan hasiko den aurtengo Frantziako Tourrean izango dela, Warren Barguil taldekidearekin batera. Quintana bi aldiz izan da bigarren Tourreko sailkapenean (2013an eta 2015ean) eta beste behin hirugarren (2016an).