Txirrindularitza
Koronabirusagatik
Kataluniako Itzulia ere atzeratu egin dute
AGENCIAS | REDACCIÓN
Mendeurrenaren edizioa martxoaren 23tik 29ra jokatu behar zen, baina data berri bat sartzen saiatuko dira.
-
Miguel Angel Lopezek irabazi zuen 2019ko Volta. Argazkia: EFE
Martxoaren 23tik 29ra bitartean jokatzekoa zen mendeurreneko Kataluniako Itzulia atzeratu egin da koronabirusaren krisiaren ondorioz. Dena dela, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, data berri bat adosten saiatuko dira Nazioarteko Txirrindularitza Federazioarekin (UCI) aurten bertan korritu dadin.
Baldin eta mendeurreneko edizioa ezingo balitz 2020an egin, 2021ean korrituko litzateke. Kataluniako Volta 1939tik etenik gabe jokatu den lasterketa izan da, Espainiako Gerra Zibila amaitu eta hilabete gutxira ekin baitzioten berriro.
"Azken unera arte saiatu gara hain edizio berezia egiten, baina oraintxe bertan txirrindularien, taldeen eta ikusleen osasun- eta prebentzio-neurriak lehiaketaren aurretik daude", adierazi du Ruben Peris Voltako presidenteak, antolakuntzaren webguneak eskainitako adierazpenetan.
"Volta indar gehiagorekin itzuliko da mendeurrenaren edizioa baldintza onenetan korritzeko. Inplikatutako alde guztien ulermena eskertu nahi dut... Voltaren historiak aurrera jarraituko du. Ez dezagun ahaztu ikuskizun handi hau egiten dugula, jendeak probaz goza dezan ", gaineratu du Perisek.
Kataluniako Itzulia etapaz osatutako munduko hirugarren lasterketarik zaharrena da, Frantziako Tourraren eta Italiako Giroaren atzetik.