Txirrindularitza
Lehen etapa
Education Firstek irabazi du erlojupekoa eta Jonathan Caicedo da lehen liderra
Erredakzioa
Talde estatubatuarrak 45 segundo sartu dizkio bigarren izan den Deceuninck-Quick Stepi, eta 46 segundo hirugarren bukatu duen Bernalen eta Carapazen Ineosi.
-
Jontahan Caicedo, Kolonbiako Itzuliko liderraren elastikoarekin. Argazkia: EFE
Education First taldeak irabazi du Kolonbiako Itzuliari hasiera eman dion taldekako erlojupekoa, Tunja hirian hasi eta bukatu den 16,7 kilometroko ibilbidea izan duena. Jonathan Caicedo (Education First) da lasterketako lehen liderra.
Lehen etapa irabazi dutenez, sailkapen nagusiko lehen postuetan jarri dira talde estatubatuarreko txirrindulariak. Sergio Higuita dago sailkapenean bigarren postuan (gazteen sailkapeneko elastikoa jantzi du) eta Daniel Martinez dago hirugarren.
Taldekako erlojupekoaren ibilbidea 18 minutu eta segundo bakarrean egin du Education First taldeak. Bigarren dago Deceuninck-Quick Step, 45 segundora, eta Ineos, berriz, hirugarren, 46 segundora. Egan Bernal 2019ko Frantziako Tourreko irabazlea eta Richard Carapaz 2019ko Italiako Giroko garailea buru dituen Ineos taldeak ez du saio ona egin.
Taldekako erlojupekoaren sailkapena (lehen etapa):
1. Education First 18'01"
2. Deceuninck-Quick Step + 45"
3. Team Ineos + 46"
4. Rally Cycling + 1'00"
5. UAE Team Emirates d.b.
Sailkapen nagusia:
1. Jonathan Caicedo (Education First) 18'01"
2. Sergio Higuita (Education First) d.b.
3. Daniel Martinez (Education First) d.b.
4. Tejay van Garderen (Education First) d.b.
5. Lawson Craddock (Education First) d.b.