Itxi

Txirrindularitza

Ofiziala

Euskadi Murias taldeak ez du jarraituko

eitb.eus

Arazo ekonomikoak tarteko datorren denboraldian ez dutela jarraituko iragarri dute agiri baten bitartez. Ez dute babeslerik aurkitu.

1:32
Euskadi Murias. Argazkia: EiTB

Euskadi-Murias taldeak 2020ko denboraldian ez duela jarraituko iragarri du gaur agiri baten bitartez.

Orain bost urte abian jarri zen proiektua amaitu egin da, lehen hiru urteak kontinental mailan eta azken biak kontinental-profesionaletan egin eta gero Euskadi Muriasek ez duela jarraituko baieztatu du babeslerik aurkitu ez dutelako.

Lortu dituzten azken emaitza onek ez diote jarraitzea bermatu Jon Odriozola kirol-zuzendariaren taldeari eta orain txirrindulariek euren etorkizuna beste nonbaiten aurkitu beharko dute.

Euskadi Muriasen agiri ofiziala:

'Duela 5 urte Euskadi – Murias taldea sortu zen, euskal txirrindularitza berpiztearen helburuarekin, aurreneko hiru urteetan kontinental mailan eta azken biak kontinental profesionaletan.
 
Hasiera-hasieratik kirol eta antolakuntza bikaintasunean oinarritutako harrobi proiektua garatu nahi izan genuen. Gure desira euskal neska-mutilei nazioarteko mailarik gorenean lehiatzeko aukera ematea izan da beti.
 
Lortutako arrakastak etengabe haztera behartu gaitu eta gure baliabideekin hazten jarraitzea ezinezkoa denez, une honetan alde batera egitera behartuta gaude.
 
Gaur ofizialki berretsi dezakegu Euskadi – Murias taldeak ez duela datorren denboraldiak jarraituko. Azken urteen balantzea oso pozgarria da. Lortutako kirol emaitzengatik eta taldean sortutako giroarengatik, bai gurekin ibili diren kirolarien eta staff teknikoaren aldetik, ohorezko matrikula jarriko genioke gure ibilbideari.
 
Euskal zein munduko zaleek beti ilusio handiz jaso dute gure taldea, parte hartu dugun edozein herrialdetan, eta bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu. Uste dugu Euskadiren izena munduko errepide guztietara eraman dugula eta ziur gaude euskaldun guztiontzat onuragarria izan dela'.