Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Itzulia (19. etapa)

Cavagnak irabazi du Toledon, polemikaz beteriko etapan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Movistar taldea tiraka jarri da, tropelean erorikoa izan eta Roglic eta Lopez nahasita zeudela ikusita. Ordea, epaileek taldeen autoak tartean sar zitezela baimendu dute multzoen arteko zuloa ixteko.

  • Remi Cavagna

    Remi Cavagna. Argazkia: EFE

Remi Cavagna (Deceuninck - QuickStep) frantziarrak bereganatu du Avila eta Toledo artean jokatu den Vueltako 19. etapa (165,5 km). Frantziarra (24 urte) hamaika txirrindulariz osatutako eguneko ihesaldian egon da, eta helmugara iristeko hamaika kilometroren faltan egin duen erasoaldiak garaipena ekarri dio.

Bost segundora sartu dira Sam Bennett (Bora) irlandarra, Stybar eta Gilbert (Deceuninck) eta Alejandro Valverde (Movistar). Espainiarrak hiru segundoko aldea atera die gainerako faboritoei helmugan.

Etapa hasieran, euria izan da; azken aldera, aldiz, haizea izan da nabarmendu dena, eta horrek hainbat etenaldi eta haize-babes eragin ditu ibilbidean zehar. Eroriko baten ondoren sortu den haize-babes horietako batean, Primoz Roglic eta Miguel Angel 'Superman' Lopez egon dira nahasita.

Izan ere, Movistar taldea tropelaren buruan jarri da tiraka, liderra eta laugarren sailkatua atzean geratuta zeudela ohartuta. Jose Luis Arrieta Movistar taldeko zuzendariak argitu duenez, "aurretiaz prestaturiko estrategia" izan da.

Aitzitik, epaileek taldeen autoak bi multzoen tartean sar zitezela baimendu dute, bien arteko zuloa ixteko. Horren aurrean, Movistarreko txirrindulariek tiratzeari utzi diote eta bi taldeek bat egin dute. Horrela heldu dira helmugara.

Horrenbestez, Roglicek lider jarraitzen du, Valverderekiko 2:37ko aldearekin eta Quintanarekiko 3:31ko aldearekin.

Larunbat honetan, lasterketako 20. etapa jokatuko da, Arenas de San Pedro eta Plataforma de Gredos artean (190,4 km).

Miguel Angel Lopezek "tonto"deitu dio Movistarri

Behin etapa bukatuta, Miguel Angel Lopezek gaitzetsi egin du Movistarren jarrera eta "tonto" deitu dio.