Txirrindularitza
ESPAINIAKO iTZULIA (18. etapa)
Higuita kolonbiarrak irabazi du eta Roglicek elastikoari eutsi dio
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Esloveniarrak gelditzen ziren mendiko bi etapatako lehena gainditu du arazorik gabe; Quintana, berriz, hirugarren postura jaitsi da Valverderen mesedetan
Sergio Higuita (Education First) kolonbiarrak bereganatu du Espainiako Itzuliko 18. etapa, Colmenar Viejo eta Becerril de la Sierra (177,5 km) artean korritu dena. Bere aldetik, Primoz Roglic esloveniarrak (Jumbo-Visma) sendo jarraitu du elastiko gorriarekin.
Roglic eta Alejandro Valverde (Movistar) bigarren eta hirugarren izan dira etapan, hurrenez hurren, Higuitarengandik 15 segundora. Aitzitik, Nairo Quintana (Movistar) kolonbiarrak 1:16 galdu du helmugan, eta, ondorioz, sailkapeneko bigarren tokiari agur esan dio Valverde taldekidearen mesedetan.
Liderrak zailtasunik gabe eutsi die Miguel Angel 'Superman' Lopez (Astana) kolonbiarraren erasoei, ez, ordea, Tadej Pogacar (UAE Team Emirates) eta Quintanak, azken horrek aurreko eguneko ahaleginen zigorra jaso du.
Faboritoak helmugara heldu aurretik, Higuitak besoak gora altxatu ditu eguneko garaile gisa. Bera izan da 12 txirrindulariz osatutako eguneko ihesalditik aurrera egiteko ahalmena izan duen bakarra. Nahiz eta etapako azken mendatean 47 segundoko aldea besterik ez zeukan, bere burua primeran defendatu du atzean faboritoek egindako azken saiakeraren aurrean.
Gaurko jardunaldiaren ostean, Roglicek 2:50 segundoko aldea dauka Valverderekiko sailkapen nagusian. Quintana 3:31ra dago, podiumeko hirugarren koskan. Lopez laugarren lekuan dago (4:17) Pogacar (4:49) gainditu eta gero.
Ostiral honetan, lasterketako 19. etapa jokatuko dute txirrindulariek, Avila eta Toledo artean (165,2 km).