Itxi

Txirrindularitza

VUELTAKO 6. ETAPA

Jesus Herradarentzat izan da garaipena Ares del Maestraten; Teuns da lider berria

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sailkapen nagusirako zenbait faboritok lasterketa utzi behar izan dute, eroriko batek hala behartuta. Tartean izan dira Nicolas Roche, Rigoberto Uran eta Hugh Carthy

2:00
Jesus Herrada

Jesus Herradak (Cofidis) irabazi du Espainiako Itzuliko seigarren etapa, Mora de Rubielos eta Ares del Maestrat artean jokatu dena (198,9 km), Dylan Teuns (Bahrain) belgikarraren aurretik helmugaratu eta gero. Azken hori da lasterketako lider berria orain.

Bai Herrada, bai Teuns beste txirrindulari batzuekin batera ihes eginda ibili dira egunean zehar, baina iheskideak atzean utzita iritsi dira ibilbideko azken zatira. Herradak erasoa jo du 300 metroren faltan, eta Teunsek ezin izan dio jarraitu.

Atzealdean, ez da aparteko mugimendurik egon faboritoen artean, eta 5:44ko atzerapenarekin heldu dira helmugara.

Aurrera egiten saiatu den bakarra Tadej Pogacar (UAE-Team Emirates) esloveniarra izan da, amaieratik gertu ekin dion arren. Alabaina, bi segundoko aldea besterik ez du lortu helmugan lasterketa irabazteko hautagai nagusien tropeltxoarekiko. Bertan ziren 'Superman' Lopez (Astana), Nairo Quintana (Movistar) edota Primoz Roglic (Jumbo-Visma), besteak beste.

Haatik, beste zenbait hautagaik lehia uzteko beharra izan dute, 105. kilometroan gertatu den erorikoan nahasita egon ostean. Ezbehar hori pairatu dutenen artean, besteak beste, egun batzuetan lider izandako Nicolas Roche (Team Sunweb) irlandarra egon da, baita Victor de la Parte (CCC Team) gasteiztarra ere. Dena den, erorikoaren ondorio larrienak Education First taldeak pairatu ditu; izan ere, Rigoberto Uran kolonbiarrak eta Hugh Carthy britainiarrak etxerako bidea hartu dute, eta, horrez gain, Sergio Higuitak eta Tejay Van Garderenek ere min hartu dute.

Ostiral honetan zazpigarren etapa jokatuko da, Onda eta Mas de la Costa artean (183,2 km).