Txirrindularitza
4. etapa, Espainiako Itzulia
Fabio Jakobsenek irabazi du esprinta, helmugako argazkiaren erabakiarekin
eitb.eus
Herbeheretarrak azken metroetan garaitu du Sam Bennett, helmugako argazkiak irabazlea erabaki duen esprint parekatu baten ostean. Bestalde, Steven Kruijswijkek lasterketa utzi behar izan du.
Fabio Jakobsen herbeheretarrak (Deceuninck-Quick Step) irabazi du 2019ko Espainiako Itzuliaren laugarren etapa. Bertan helmugako argazkia izan da protagonista; izan ere, Sam Bennett irlandarrarekin (Bora Hansgrohe) esprint parekatu bat lehiatu baitu eta biek elkarrekin helmugaratu dira. Sailkapen nagusian, aldiz, ez da aldaketarik izan eta Nicolas Roche irlandarrak (Team Sunweb) lider jarraitzen du.
Etapa amaieran, lehenengo bi txirrindulariek ere ez dute jakin nor izan da etapa irabazlea; izan ere, helmugako argazkia erabakigarria izan da garailea nor zen jakiteko. Garaipena ospatu ezinik, herbeheretarrak Bennett garaitu du esprintean, sasoi ikaragarrian dagoen txirrindularia eta puntuetako sailkapeneko liderra.
Bestalde, Steven Kruijswijk herbeheretarrak (Jumbo-Visma) lasterketa utzi behar izan du. Izan ere, txirrindulariaren taldeak azaldu duenez, Kruijswijkek belauna minduta zuen, Torreviejako erlojupekoan izandako ondorioz, eta minak goraka egin du. Horrenbestez, 174 txirrindulari geratzen dira 2019ko Espainiako Itzulian.
Asteazkenean maldan gora amaituko den lehen etapa izango dugu bosgarrena. Honek, L’Elianan izango du hasiera eta Javalambreko Behatoki Astrofisikoan amaituko da, 170,7 kilometroko ibilbidearen ostean.
Beraz, faboritoak erasoan ikusteko aukera izango dugu 2019ko Espainiako Itzuliaren 5. etapan.